Ezarian. Argazkilaritza

Naturaren harribitxiak

GTD European Wildlife Photographer of the Year argazki lehiaketa entzutetsuko irabazleen irudiak ikus daitezke Kutxaren Donostiako Bulebarreko aretoan.

Armiarma jauskaria, bere burua apaintzen. Argazkilariak bere lorategiko lore batean aurkitu zuen irudiko armiarma jauskari hau. Animalia hanka bat garbitzen ari zen unea harrapatu zuen. Espezie horrek, gorteiatzeko, emeak erakartzeko helburuarekin, hankak astintzen ditu. LUIS MANUEL IGLESIAS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Ezustekoak ematen ditu askotan naturak; irudi bitxi eta sinetsezinak erakusten ditu. Gehienon begietara ezkutuan geratzen diren paisaia eta animalien bizimodua kamerarekin hartzeko ahalegina egiten dute argazkilariek, eta emaitza ikusgarriak lortzen dituzte zenbaitetan; GTD European Wildlife Photographer of the Year lehiaketa da horren adibide bat. Naturari buruzko argazki lehiaketarik garrantzitsuena da Europan. Iazko irabazle eta finalisten argazkiak ikus daitezke Kutxaren Donostiako Bulebarreko erakusketa aretoan.

Naturaren argazkilariak erakusketa oso berria dela adierazi du Agurtzane Iztuetak, Kutxaren aretoetako arduradunak, urte amaieran eman baitzituzten sariak. Lehiaketak duen sona nabarmendu du, gainera. Europako 22 herrialdetako 1.108 lagunek bidali zituzten euren argazkiak lehiaketara, eta 68 argazkilariren 81 irudi saritu daude ikusgai.

Oldrich Mikulica Txekiar Errepublikako argazkilariaren irudiarekin hasten da bilduma; fokuz kanpo kuku bat ageri da ahoan fokatutako arrautza bati eusten diola. Irudi horrek irabazi zuen 2011ko lehiaketako sari nagusia. Horretaz gain, mundu osoan ateratako argazkiak daude jasota erakusketan, ataletan banatuta. Itsaspeko munduan ilunpetan eta ur azpiko kamera bereziekin ateratako argazkiak ikus daitezke, esaterako, edo landareena. Argiaren eta abiaduraren erabileraren ondorioz, margolanak dirudite argazki askok, eta argazkilariak benetako artistak bilakatzen dira. Paisaien atalean, Islandiako sumendietara bidaiatuko du bisitariak, eta ugaztunei eskainitakoan, berriz, bi lehoikume ikusiko dituelkarri lepotik helduta keinu maitagarrian.

Hegaztiak, bestelako animaliak eta gizakia eta natura atalak ere badaude. Irudiek fitxa txiki bat dute alboan, osagarri gisa; egilea nor den eta argazkia nolaatera duen azaltzen dituena.

Erakusketa otsailaren 26ra arte egongo da zabalik, eta doan da. 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara bisitatzeko aukera dago. Taldeentzako ikustaldi gidatuak ere eskaintzen dituzte, baina aurretik ordua eskatu behar da 943 42 88 30 telefonoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.