Nazioarteko gastronomia jardunaldiak Gasteizen

Mundu guztiko sukaldariak izango dira, eta Karlos Argiñano eta Rene Redzepi omenduko dituzte

Erredakzioa
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Sukalde kontuekin zoratzen direnek ekitaldi ederra izango dute apirilaren 4tik 7ra bitartean, Gasteizko Gastronomia Astea ospatuko baita. Hala ere, dagoeneko beranduegi da sarrerarik ez daukatenentzat, guztiak bukatu baitira. Nazioarteko sukaldariak bilduko dira, eta Rene Redzepi eta Karlos Argiñano omenduko dituzte.

Zaldiaran jatetxeak antolatzen ditu urtero jardunaldiak. Redzepi —Restaurant Magazine aldizkariaren arabera, munduko jatetxerik onena da haren; Noma jatetxea— , Joan Roca, Andoni Luis Aduriz, Joaquim Wissler, Denis Martin, Quique Dacosta, Martin Berasategi eta Massimo Bottura izango dira beste batzuen artean sukalde kontuez hitz egingo dutenak. Europa Jauregian eta Zaldiaranen izango dira ekimen gehienak.

Jardunaldiak hasi bezperan, apirilaren 3an, Argiñano omenduko dute gastronomian egin dituen lanengatik, eta sukaldarien txapel bat emango diote; hori bai, zilarrezkoa. Aurten jasoko duen bigarren omenaldia izango da; izan ere, azaroan ere omendu zuten, Donostiako Kursaalean egin zen Gastronomika Nazioarteko Biltzarrean.

Festa batean emango diote saria Argiñanori. Andre Maria Zuriaren plazan izango da eguerdian, eta herritar guztiak daude gonbidatuta. Gasteizko sukaldaritza elkarteak eta Arabako upeltegiak ere hor izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Hurrengo egunean, berriz, Rene Redzepi kopenhagetarrari emango diote zilarrezko txapela. Egun osoan protagonismo handia izango du, hark emango baitu aurreneko sukaldeko erakustaldia. Afaria ere hark prestatuko du beste hainbat sukaldarirekin batera; besteak beste, Berasategirekin eta Subijanarekin. Amaitutakoan egingo diote omenaldia.

Sukaldari gazteen txapelketa

Aurten, saio bat berreskuratuko dute Gasteizen, seigarrengo aldiz sukaldari gazteen txapelketa antolatuko baita. 30 urtetik beherakoentzako prestaturiko lehiaketa da, eta, besteak beste, Andoni Luis Adurizek eta David de Jorgek irabazi zituzten, gazteagoak zirenean.

Afari bereziak prestatuko dituzte jardunaldietan parte hartzera joaten direnentzako. Erakargarrienetakoa hilaren seian egingo den txuletaren festa izango da. Casa Julian jatetxeko (Tolosa, Gipuzkoa) Matias Gorrotxategi arduratuko da txuletak prestatzeaz.

1984an hasi ziren Gasteizko Gastronomia Astea ospatzen, eta urtero ospatu zen 1998ra arte, antolatzeari utzi baitzioten urte hartatik aurrera. Duela bi urte, ordea, Zaldiaran jatetxeko Gonzalo Antonek berau prestatzeko ardura hartu zuen, eta egun, oraindik berak dirau hura prestatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.