Gorka Aginagalde. Aktorea

«Negar egiteko arrazoi asko ditugu egunero; barre egin behar da aukera dugunean»

'La lechuga' antzezlana estreinatuko du Glu Glu taldeak gaur, Barakaldon. Komedia beltz horretan Gorka Aginagalde, Gurutze Beitia, Mari Cruz Melgosa, Galder Perez eta Gabriel Ocina ariko dira.

Gorka Aginagalde, Gurutze Beitia, Mari Cruz Melgosa, Galder Perez eta Gabriel Ocina aktoreak. BERRIA.
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Irrifartsu dabil Gorka Aginagalde aktorea (Gasteiz, 1966). Gaur arratsaldean, La lechuga antzezlana estreinatuko du Barakaldo antzokian (20:00). Komediaren eta dramaren fusio gisa aurkeztu duten arren, ikuspegi propioa du aktoreak: «Hunkitzeko obra da».

Gai gogor baten alde komikoa bilatu nahi duen obra da La lechuga. Zein mezu transmititu nahi du antzezlanak?

Mezua argia da. Muturreko egoera batean, pertsona guztiok norberaren alderdirik ilunena atera dezakegu argitara. Gai horren ingurukoa da La lechuga: jendea noraino irits daitekeen ikusten da. Baina dena umorez.

Ikuslea pertsonaiekin identifikatuko dela diozue...

Elkarri gorroto dioten familia baten tira-birak kontatzen ditu antzezlanak. Aitak egoera begetatiboan eman ditu bederatzi urte, eta alaba batek eta haren senarrak zaindu dute denbora guztian. Aitaren urtebetetzean, gaixoaren beste semeak zaintzea proposatuko dio senarrak. Baina inork ez du nahi izango aita zaindu. Oso gertukoa egingo zaio egoera, nahi edo ez. Izan ere, pertsonaia guztiek dute euren interesak defendatzeko arrazoia, eta ikusle bakoitza batarekin edo bestearekin identifikatuko da.

Tragikomedia bat izateak norberaren barnean hausnartzeko aukera emango dio ikusleari?

Antzezlana ez da komedia hutsa, eta hausnarketa sakon bat dago atzean. Ikusleak barre egingo duen arren, egoera larriaz jabetuko da, eta askok pentsatuko dute: «Zer egingo nuke nik?».

Istorioaren nukleoa egoera begetatiboan dagoen pertsona bat da.Ezbehar guztiek dute ikuspegi komikoa?

Gehienek. Mundu honek negar egiteko aitzakia gehiegi ematen dizkigu egunero, eta funtsezkoa da barre egitea aukera dugun bakoitzean. Garrantzitsua baino gehiago, beharrezkoa da; umorerik gabe, ez goaz inora.

Umore beltzak ba al du igaro ezin daitekeen mugaren bat?

Norberak erabakitzen du muga horiek non dauden. Niretzat, errespetuak banatzen ditu umore ironikoa eta iraingarria: kontu bat da «umore azidoa» erabiltzea, eta beste bat hurkoa mintzea. Gainera, besteaz barre egiteko norbere buruaz barre egiten jakin behar da lehendabizi.

Zergatik du horrenbesteko arrakasta umore mota honek?

Defentsa mekanismo bat da. Egoera gogor batean, askotan aurre egiteko modu bakarretakoa da barre egitea.

Hego Amerikan jaio zen La lechuga, eta AEBetan ere izan da. Lantzen duen umore mota unibertsala al da?

Istorioa munduko edozein txokotan gerta daiteke. Denok dugu familia, eta denok ditugu tira-birak. Baina, noski, arrakasta izan arren, umorea ez da berdin antzematen mundu guztian. Umore beltzaren mugak aldatu egiten dira herrialde batetik bestera.

Nola antzematen du euskal ikusleak umore hori?

Euskaldunok gustuko dugu «kaleko» umore beltza, eta askoz irekiagoak gara zentzu horretan. Beste herrialde askotan ez dute ulertzen hori: Berlinen dudan lagun bat ikaratuta geratzen da umore beltzeko txiste bat egiten diodan bakoitzean.

Zergatik joan behar du ikusleak La lechuga ikustera?

Hunkitu egingo delako. Umoreak duen funtzio terapeutikoa ikaragarria da, eta jendea oso pozik aterako da aretotik. Barne hausnarketa bat ere egingo du, egoerari aurre egitea benetan zaila delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.