Osasuna. Sexologia

Negoziatzen

2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Sistema guztien moduan, bikote sisteman negoziazioa ezinbesteko baldintza da sistema bera irauteko eta garatzeko. Jakin badakigu negoziazioa edozein sistemari dagokion prozesua dela, baina sarri sentitzen duguna ez dator bat teoriarekin. Negoziazio hitza entzuterakoan oso jarrera eta pentsamolde desberdinak sortzen dira.

Badaude erabaki txikienetarako ere negoziazioa martxan jartzen dutenak. Askok sentitzen dute euren sisteman ezin dela inoiz ezer negoziatu, azkenean galtzaile eta irabazle bat baino ez dagoelako.

Negoziazioetan askotan bakoitzak %50a lortzea da helburua. Baina, gure ibilbide profesionalean ikusi izan dugunez, sarri hori ez da izaten helburu emankorrena, bikotekideen emozioak ez daudelako era berean banatuta.

Negoziatzea ez da erraza

Negoziazio askotan ere bikotekide bata zein bestea arrazoiz josita egoten da berea lortzeko. Sarri bikotekide bakoitzak bereari eusten dio, sutsu, eta gainera, arrazoi eta argudio «oso objektiboekin». Horrek, negoziazioa baino gehiago, lehia ematen du. Horrelako kasuetan ez da harritzekoa azkenean «erdiko bidea negoziatzea». Kasu horietan, hautatutakoa ez da bataren ezta bestearen estimukoa izaten. Beraz, oso posiblea da gozamenak lekurik ez izatea, eta horrelako aukeraketa asko egiten badira, distantzia ta iskanbila sortzea ez da izango harritzekoa.

Negoziatzeko, komunikazioa ezinbestekoa da. Horregatik, askotan zaila izaten da. Igorleak eta hartzaileak argi eduki behar dute zer gura duten… Tontakeri bat? Bada, batzuetan galdera horren erantzuna oso korapilatsua bihurtzen da, batez ere bikote sisteman. Gainera, biek jakin behar dute zelan helarazi gurari hori bere lagunari. Hor bataren eta bestearen abileziak eta gabeziak martxan jarriko dira. Bakoitzaren biografiak berba egingo du. Baina ez hori bakarrik, euren harremanak ere berba egingo du, harremanaren ibilbidea eta baita momentu horretan harremana zelan dagoen. Aldagai horien arabera, komunikazioa errazagoa edo zailagoa izango da.

Bikotekideen arteko komunikazioan agerian jarriko da bakoitzaren negoziatzeko malgutasuna, zabaltasuna, elkartzeko eta entzuteko jarrera. Horiexek ezinbesteko aldagaiak bihurtuko dira lagun biek senti dezaten prozesu horretan biak direla irtenbidearen parte, biek irabazten dutela, konpentsazio sentimendua partekatzen dutela, bikote sistemaren eta bikotekideen hobe beharrerako egiten ari direla. Azken finean, dena negoziazioa ondo joateko.

Negoziatzeko ezinbestekoa da ulertzea bikotekide bakoitzaren gurariak eta beharrak norberarenak bezain garrantzitsuak direla, nahiz eta gehienetan ez ulertu ezta ados egon ere.

Beharbada, gure buruari baimena ematen hasi beharko ginateke, gure benetako gurarien eta beharren aldarriei kasu egiteko. Norberaren eta lagunaren beharrak eta gurariak onartzea, edo behintzat ikustea, oso lagungarria izango delako bion artean irtenbidea aurkitzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.