Lehenengo neguko espedizioa du Alex Txikonek. Azken urteetan Edurne Pasabanen 14 zortzimilakoen proiektuan aritu da, eta beste bide batzuei ekingo die orain.
Lehen aldiz zoaz neguan zortzimilako batera. Zergatik erabaki hori?
Uste dut badudala garaia zer edo zer desberdina egiteko. Azken bi urteetan gustura ibili naiz Edurneren proiektuan, baina bizipen berriak izatea gustatzen zait. Badira urte bi Gerfried ezagutu nuela —Gerfried Goschl da espedizioburua—, eta hark eta Simone Morori entzundakoek piztu didate neguko espedizioaren harra.
Zergatik aukeratu duzue G-I?
Broad Peakera joan nahi nuen nik, baina Gerfried arduratu da espedizioa antolatzeaz. Hura arduratu da logistika eta antolaketa lanaz, eta G-Iera joan nahi zuenez, onartu egin dugu guztiok.
Taldea nola osatu duzue? Elkar ezagutzen al zenuten lehendik?
Gerfried ezagutzen nuen, baina Dan Bowie eta Louis Rousseau ez ditut ezagutzen; espedizioren batean elkarrekin izan gara beheko kanpalekuan, baina ez dugu harreman zuzenik. Alde horretatik pozgarria da Gorri etortzea.
Muturreko baldintzak izango dituzuela aintzat hartuta, espediziokide ezezagunak izateak ez al dizue kezkarik sortzen?
Bostok adin bat eta esperientzia bat badugu, eta ez dut kezkarik. Egia da egoera larri batean pertsonak bere aldetik jotzen duela askotan, baina garbi utzi dugu bosteko taldea garela eta talde lanerako prest gaudela. Ilusioz noa ni behintzat, neguaren gogortasuna bertatik bertara ezagutzera.
Bide bat irekitzeko aukera aipatu duzue. Pakistango zortzimilakoak igo gabe daudela aintzat hartuta, ez al da asmo handiegia?
Oinak lurrean eduki behar dira, G-I neguan igo gabe zerbaitegatik egongo da. Bide berria izan daitekeena argazkietan marraztua du Gerfriedek, baina iruditzen zait nahikoa erronka badela neguan joan eta igotzen saiatzea, bide berri batetik igotzen hasteko. Beheko kanpalekura iristean ikusiko dugu nola jokatu; mendiak bere lekuan jartzen du mendizalea.
Mendizale gutxi joaten da neguan zortzimilakoetara. Zerikusirik ez du izango beste urtaro batzuekin.
Zazpikote bat goaz, eta beheko kanpalekuan Simone Moro eta Denis Urubko egongo dira. Bakardadeari aurre egiteko eta elkarlanerako modua izango dugu haiekin, G-I eta G-II mendietako lehen zatia berdina delako. Jende gehiagori aipatu diot joateko aukera, baina jendeak segurura jotzen du. Badakigu igotzeko aukera gutxi dugula, eta baldintzen gogortasunak eta arrakastarako aukera txikiak atzera botatzen du jendea.
Nola prestatzen da neguko espedizio baten azpiegitura?
Logistikoki konplexua da. Pakistan ez da Nepal, eta neguak are eta zailagoa egiten du antolaketa. Nepalera joatea erraza da, agentzia bati mezu bat bidali eta dena prestatzen dute. Pakistango neguan beheko kanpalekura iristea bera da nekeza; materiala aste batzuk lehenago bidali behar da, zama eramailerik ezin dugu hartu, ez daudelako negurako prestaturik... Gauza asko lotu behar da.
2003tik ez da euskal mendizalerik joan. Hitz egin al duzu haiekin?
Ferran Latorre eta Mikel Zabalzarekin hitz egin dut, eta neguaren zakarra nabarmendu didate biek. Baina hori ezagutzeak ere motibatzen nau; gizartearen gainerako alorretan bezala, erosotasunera jotzen dugu mendian ere, eta bestelako egoera eta abentura horiek ezagutu eta bizi nahi ditut.
Edurne Pasabanekin ez zara Everestera udaberrianjoango, beraz.
Espedizioetan lanera joan gara, eta lagun giroa genuen arren, telebistak baldintzatu egiten du. Telebistarik izango ez duen lagun arteko espedizio baten falta sumatzen dut. Everestera joateko asmoa nuen, baina ez nago taldean.
Alex Txikon. Mendizalea
«Neguaren gogortasuna ezagutzeak motibatzen nau»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu