Komunikazioa. Irlen sarea

Neguko solstizio zoriontsua

gorka julio
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Iluntasunak goia jo du; argitasunaren bidea hasi da. Hemendik aurrera eguzkia, argia, iluntasunari bidea irabaziz joango da. Neguko solstizioaren jaiak horixe adierazten du, eta aspalditik ospatu izan da gurean ere. Oles aroa ere eskean ibiltzeko aroa dela ere esaten digute iturri batzuek. Eskean ibiltzeko, inauterietan bezala, kuestazioak egiten dira eta jaiak ospatu. Antzinako Saturnalia eta Deus sol invictus jaiak ekartzen ditu gogora, denak kristautasuna iritsi baino lehenagokoak.

Oles aroaren, gure gaurko Olentzero denaren etimologia zuzena den edo ez gutxi inporta zait niri. Aro berri baten etorrera adierazteko balio dit niri. Opariak egiteko erabiltzen ditugun garai hauetan, askorik ez duten horietan pentsatu beharko dugu.

Elkarlanaren urtea izango da datorrena, sostenguarekin hobeto egiten baitira gauzak. Elkarlanean eta auzolanean oinarritutako proiektuak laguntzeko urtea izango da, beraz. Euskal hedabideak baina baita elkarlanean oinarritutako erakunde eta enpresak ere bultzatzeko urtea. Zer esanik ez, ezagutzaren jendartean bagaude, haietako asko Internet eta teknologietara bideratu beharko dira.

Gauza askorik ez duen jende asko den urtea ere izango da. Auzo laguntza, beraz, garrantzitsua izango da, eta crowfunding -ean oinarritutako egiturak gero eta garrantzi handiagoa izango dute kultura arlotik haratago ere. Ekonomia eta finantza arloan teknologiak ematen dituen aukera berriei esker ekonomia egitura alternatiboak ere ikusiko ditugu, eta haiekin batera diru digital eta sozialen hazkundea. Oinarrizko beharrak betetzeko eta lana topatzeko erakundeetatik kanpo dauden proiektuak ere zabalduko dira.

Oraindik ere diru apur bat baduzu, diru hori proiektu libreetan xahutzeko aukera duzu edo behintzat teknologia librea erabiltzen diren horietan. Arduino www.arduino.cc hardware programagarria, DRM gabeko liburuak onartzen dituen liburu elektroniko bat eta Android sistema eragilea duen Eee Pad Transformer bezalako tableta bat eros ditzakezu, besteak beste.

Salneurria eta balioa gauza berdina direla esaten diguten garia bizi dugu; Internetek ematen digun komunikazio ahalmena erabili eta eraldaketa aro berri batera salto egiteko prestatzea izan daiteke gure desiorik hoberena. Solstizio zoriontsua denontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.