Mendiko bide guztiak ezagutzen dituzte. Nafarroako oihanzainak dira, eta urteko egun guztietan daude mendian lanean. Jose Antonio Perez-Nievas Nafarroako Oihanzainen Elkarteko presidentea da (Tutera, 1961), eta suteei aurrea hartzeko egiten duten lana nabarmentzen du. Kolektiboa defendatzeko eta egiten duten lana ezagutarazteko sortu zuten duela hiru urte elkartea.
Baduzue ardura nagusi bat: zuen lana ez dela kontuan hartzen.
Bai. Uxuen (Nafarroa) gertatutako sutearen inguruko berrietan, adibidez, 400 hektarea erre zirela esan zuten albistegietan. 70 suhiltzaile eta ez dakit zenbat polizia egon zirela jarri zuten, eta ondoren, ingurumeneko zazpi langile ere bazeudela. Horien artean oihanzainak eta mendiko ingeniariak zeuden, baina hori ez da inon aipatu. Guk ezagutzen dugu lurraldea, eta guk markatu genuen perimetroa ingeniariekin batera. 200 hektarea erre ziren, eta, bi egun barru zuzendu zuten hutsegitea hedabideek.
Herritarren kolaborazioa ere eskatzen duzue.
Uste dut nahita eragindako suteak oso gutxitan gertatzen direla. Suterik handienak arduragabekeriaz pizten dira, eta ez dut uste Nafarroan suzalerik dagoenik. Jendea arduratsua izatea nahi dugu, bero handia egiten duen egunetan, bereziki. Sute bat ikusiz gero, horren berri eman behar da. Jakinaraziz gero, itzaltzeko aukera gehiago dago. Lehenengo ordu erdian itzaltzen ez bada, zaila izan daitekeelako itzaltzea.
Udan, kanpaina handia egiten duzue suteak saihesteko; baina, gehienbat, noiz izaten dira suteak?
Udako suteak dira handienak, baina neguan gehiago daude. Asko dira, eta erretako eremu handia batzen dute. Negukoak nahita eragindakoak izaten dira, larreak erretzeagatik eragindakoak. Nafarroan, erretze kontrolatuak egiteko brigada bat dago. Baina hegoaldean ez dira horrelakoak egiten, eta, neguan, nahita eragindako sute asko egoten dira. Neguko suteak dira gure erronka nagusia. Horiek eragozteko lan egiten dugu. Garrantzitsuena prebentzioa da. Soilguneak ateratzen ditugu, suak zabaltzeko modurik izan ez dezan. Baina natura natura da, eta lurra ezin da guztiz garbi utzi. Guztiz garbi badago, kopa sua sor daiteke, eta behetik doan sua baino azkarrago da su mota hori.
Bereziki gogoan duzun suterik ba al dago?
Iaz Valtierran gertatutakoa. Ez zen eremu asko erre, baina izugarria izan zen. Suhiltzaileak, helikopteroak eta hegazkinak joan ziren. Kaos bat izan zen. Suteak oso arriskutsuak direla ikusi nuen. 15:00etan hasi zen, eta euriak 23:00etan itzali zuen. Kasu honetan inork ez zigun abisatu, ke zutabea ikusi genuelako joan ginen.
Sutea itzalita, lana ez da bukatzen. Zer gertatzen da erretako eremuarekin?
Sute baten ondoren, erretako zuhaitzak ere kendu behar dira, bestela, izurriteak sortzen dituztelako. Lan handia da, eta ez dute suhiltzaileek egiten, guk egiten dugu. Sutea egon edo ez, mendian gaude beti lanean. Gainera, kontuan hartu behar da pinuak ez direla ernaberritzen, baina beste landare batzuk, zuhaixkak gehienak, bai.
Jose Antonio Perez-Nievas. Basozaina
«Neguko suteak dira gure erronka nagusia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu