Gaizka Aranguren. Kazetaria eta Labrit Ondarea enpresako burua

«Neolitikotik ez da bizimodu aldaketa handiagoa izan duen belaunaldirik»

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Ezin luzamendutan ibili. Ez, behintzat, ondare ez-materialaren kasuan, eta ez, behintzat, XX. mendeko oroimena eta lekukotasunak bildu nahi izanez gero. Izan ere, zaharrak dira lekuko horiek. Azkar aritzeko behar hori azpimarratu du Gaizka Aranguren kazetariak (Iruñea, 1967) Iruñean, ondare ez-materialari buruzko jardunaldietan. Hura da Nafarroa iparraldean egin den bilketa lanaren arduradun nagusietariko bat, baita lan horretarako sortutako Labrit Ondarea izeneko enpresako burua ere. Urgentziazko bilketa fasea: XX. mendeko oroimena eta lekukotasunak izenekoa hitzaldia eman zuen.

Lekukoen adina da aipatzen duzun urgentziaren arrazoia, ezta?

Bai, hori da. Bada XX. mendeko oroimena gordetzen duen jendea oraindik, baina hiltzen ari dira asko. Ikerlari batzuen arabera, Neolitikotik emandako bizimoduaren aldaketa handiena jasan duen belaunaldia da hori. Hiru faktore aipatzen dituzte aldaketa horren arrazoitzat: ura etxean, argia etxean eta komuna etxean. Bizitza zeharo aldatu zien emakumeei, esaterako, ura etxera eraman izanak, eta argindarrak moldatu egin zituen ordutegiak, esaterako. Gainera, belaunaldi horrek etxean transmisio zuzena izan du, ze familia nuklearra indartuz joan den neurrian, familia barneko transmisioa murriztuz joan da. Horregatik da bereziki aberatsa belaunaldi hori ahozko transmisioari dagokionez. Bereziki garrantzitsua da XX. mendeko aldaketak ulertzeko. Belaunaldi guztiek merezi dute zerbait uztea, baina horrek badu zer esan berezi bat.

Denbora da arazo.

Guk aurreikusten dugu urtero belaunaldi horretako %10 hiltzen dela, eta badaramatzagu urte batzuk horretan. Galdera honako hau da: zenbat denbora gelditzen zaigu belaunaldi hori ongi hartzeko? Badaude, noski, 50 urte izan arren balio handiko ondarea gordetzen duten harri bitxiak ere, baina gero eta gutxiago dira, eta ez dira erraz aurkitzen.

Nola hautatzen duzue nor elkarrizketatu?

Bilketa lanean aurrera egin ahala, sistematizatu egin dugu jendea hautatzeko modua. Gero eta herritarren parte hartze handiagoa bilatzen dugu hautaketan, eta batzorde moduko bat osatzen dugu jende horrekin. Herria XX. mendean nolakoa izan den ezaugarritzen dute horiek, eta horren adierazle izan daitezkeen pertsonak bilatzen dira elkarrizketatzeko.

Bideoz grabatzen dituzue lekukotza horiek. Zergatik?

Joxerra Gartzia bertsolari eta kazetariak aspalditik errana du ahozkotasuna itzuli egingo dela eta idatzizkoaren inperioa bertan behera datorrela. Gero eta gehiago, transmisiorako pantailak bihurtzen dira ezinbertzeko.

Berandu hasi al da bilketa lana?

Ziur berandu hasi garela, eta lehenago hasi izan bagina ere, orduan ere, berandu. Hamar urte lehenago hasi izan bagina, bukatuta legoke belaunaldi horri dagokion lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.