Astronomia

Neowise kometa, gaur Lurretik gertuen

Gaur da kometa ikusteko egunik egokiena, Lurretiko punturik gertuenean egongo baita. 6.000 urte barru egongo da kometa berriro ikusteko aukera.

Neowiske kometa astelehenean, Los Angelesen. ETIENNE LAURENT / EFE
Oihane Puertas ONA
2020ko uztailaren 23a
13:39
Entzun

Neowise kometa gaur egongo da Lurretik gertuen, 103 milioi kilometrora. Kometa ilunabarrean ikusi daiteke, eguzkia ezkutatu eta ordubetera, eta, nahikoa distiratsua denez, ez da teleskopiorik behar hura behatzeko. Neowise ipar-ekialdean dago, Hartz Handiaren eta Leo konstelazioaren artean. Gaur arratsaldean gailenduko den giro eguzkitsua dela eta, hasiera batean zerua garbi egongo da. Hala ere, baliteke hodeiren bat sortzea beroaren eraginez. Neowise kometa behatzeko, argirik gabeko gune batera joatea gomendatzen da, mendira, adibidez.

Kometa martxoaren 23an ikusi zuen lehenengoz Neowise sateliteak —hortik dator kometaren izena—. Uztailaren 7ko egunsentian ikusi zen kometa, eta uztailaren 31 arte egongo da fenomeno astronomiko hori ikusteko aukera.


Neowise kometa, Austrian. CHRISTIAN BRUNA / EFE

Miquel Serra-Ricart Kanarietako Astrofisika Institutuko Teideko Behatokiko administratzaileak adierazi duenaren arabera, gaurtik aurrera kometa ez da hain distiratsua izango, baina, iluntasun handiagoa egongo denez, argazkiak egitea «oso erraza» izango da, baita sakelako telefonoekin ere.


Neowise kometa, Los Angelesen. ETIENNE LAURENT / EFE

Kanarietako Astrofisika Institutuak adierazi duenez, kometak izotzez eta hautsez daude osatuak nagusiki, eta eguzkiaren inguruan mugitzen dira orbita «oso eliptikoak» eginez. Eguzkira hurbiltzen direnean, beroak izotza urtu, eta gasak eta hauts partikulak askatzen dira. Horiek sortzen dute kometaren isatsa, eta milioi bat kilometro baino gehiago ere neur dezakete. Kometek milaka urteko periodoan egin dezakete orbita, eta Neowisen kasuan, 6.000 urte inguru igaro beharko dira hura Lurretik berriro ikusteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.