Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa

Nepaldik dator saria

Mikel Txertudiren 'Sonam-en Khangpa' lanak irabazi du BERRIAk antolatutako bidaia eta mendi kroniken lehiaketaEpaimahaiak aukeratu, eta kroniketako bost argitaratuko ditugu hurrengo astean

Katmanduko Bodhnatheko stupa erraldoia. MIKEL TXERTUDI.
Erredakzioa
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Lurralde eta mendi urrunetatik iritsi da 2011ko bidaia eta mendi kroniken lehiaketako lan saritua, Nepalgo mendietatik. Mikel Txertudik idatzitako Sonam-en Khangpa kronika aukeratu du epaimahaiak aurtengo lehiaketako irabazle. Sariak beste bidaia bat egiteko aukera emango dio Mikel Txertudiri: Mendiak eta Herriak mendiko gidari elkartearekin Cervino mendiaren itzulia egiteko bidaia irabazi du.

Kronika irabazlea aukeratzea ez da langintza erraza izan epaimahaiarentzat. Guztira, bidaietako bizipenak biltzen dituzten hogeitik gora kronika aurkeztu dituzte BERRIA egunkariaren irakurleek lehiaketara. Lurralde eta bazter urrunetara egindako bidaietan oinarritutakoak dira haietako batzuk; gertuko txokoetan izandako bizipenekin osatutako idazlanak bestetzuk. Guztiek dute lan handia atzean, eta esker hitzak baino ez ditugu parte hartu duzuen guztiontzat. BERRIAren elastiko bana jasoko dute opari lana aurkeztu duten kronista guztiek. Aralar kirol dendaren eskutik 100 euroko hiru bonuren zozketa ere egin dugu lehiakideen artean, eta ondoko hirurei egokitu zaie saria: Iker Jauregi, Fernando Rojo eta Ainara Maya.

Aurkeztutako kronikak irakurri ondoren, galbahea egin, eta lanetako bost aukeratu zituen epaimahaiak finalerako. Bost lan horiek argitaratuko ditugu datorren astean, asteartean hasi eta larunbatean bukatu. Honatx egunez egun argia ikusiko duten kronikak:

Asteartean, Jon Haitz Legarretak Mont Blanceko Ultra Trailean laguntzaile gisa bizitakoak ezagutzeko aukera izango da Aste betez Léonen talaiatik nekeari so lanarekin.

Asteazkenean, Alpeetatik Pirinioetara egingo dugu jauzi, Maider Balerdi Ederrak idatzitako Asebeteriko hutsunea idatziaren bidetik. Ordesako mendietan bizitakoen kontakizun bizia da kronika.

Ostegunean, Mozanbikera bidaiatzeko modua egingo du Josune Otxotorenak. Herrialde hartako aniztasunaren berri dakar Mozanbike: kontrastea eta kolore bizia idatziak. Ostiralean, berriz, Myanmarren aurtengo udan bizitakoak gerturatuko ditu Fernando Rojok, kronika dotore eta landuan: Shan lurraldea, Nat eta Buda artean.

Astea eta urtea borobiltzeko, larunbatean, hilaren 31n, argitaratuko dugu 2011ko bidaia eta mendi kroniken lehiaketako irabazlea: Mikel Txertudiren Sonam-en Khangpa idazlana. Ongi ibili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.