Antzerkia, dantza eta acrosport izeneko akrobazia kirola uztartzen ditu Acroindar Donostiako taldeak. Helis Legorburu, Lur Ibarra eta Nagore Ormaetxea taldeko zuzendarien ideia izan zen dantza eta akrobazia, edertasuna eta esfortzua uztartu eta ikuskizun berritzaileak sortzea. Egun, hogei dantzarik osatzen dute dantza taldea: balleta eta gimnasia erritmikoa egiten duten hamabi neskak eta break dance modalitateko zortzi mutilek.
Gaur 23:30ean Gipuzkoa plazan emango duten emanaldia espresuki sortu dute Aste Nagusirako, eta ordubeteko saioa izango da. «Koreografia edo dantza txiki ugari ditugu, eta horiek fusionatzen saiatu gara sorkuntza berezi honetan. Neska txiki bat egongo da agertokiaren erdian. Lo hartu, eta ametsetan hasiko da, eta gu amets horiek koreografien bidez azaltzen saiatuko gara. Sugeekin amesten hasten denean, adibidez, sugeak izango bagina bezala hasiko gara dantzan, eta erraldoiekin amesten hasten denean, zangaluze bat agertuko da publikoaren artean», adierazi du Legorburuk, taldeko zuzendariak.
Adore jazz balleteko taldearekin ere aritzen da tarteka Acroindar taldea elkarlanean. Gaurko saioan dantza moderno bat egingo dute Acroindarreko akrobatak aldatzen diren bitartean.
Musikari dagokionez, filmetako musika erabiliko dute gehienbat. Avatar filmeko Becoming one with Neytiri abestiak lotuko ditu ia koreografia guztiak. Besteak beste, Marilyn Manson, Michael Jackson eta Nightwish taldeen musika erabiliko dute koreografiak egiteko.
Legorbururen hitzetan, «muntatze berezia izango da. Guk dakigula, hemen gertuan ez dago antzeko zerbait egiten duen talderik. Ez da gimnasia erritmikoa, ezta dantza soil-soilik ere: dantza akrobatikoa da, berezia, ikusgarria. Jendea, gu bezalako neskak horrelako akrobaziak egiten ikusten gaituenean, harrituta geratzen da. Horrelako saioak egiteko, ezinbestekoa da oinarri bat izatea; balleta oso garrantzitsua da. Malgutasuna, indarra eta oreka datoz gero, eta jakina, ausarta izatea. Gainerako ezaugarriak badituzu, baina ez bazara akrobazia bat edo beste egitera ausartzen, ez duzu ezer lortuko».
Acroindar taldea
Legorburu, Ibarra eta Ormaetxea taldeko zuzendariek txikitatik egiten zuten ballet klasikoa Donostiako Thalia akademian. 17-18 urte zituztenean, Euskal Herritik kanpora joan ziren Heziketa Fisikoko ikasketak egitera, eta han beste kirol mota bat ezagutu zuten: acrosport.
Legorbururen esanetan, «kirol modalitate hori gimnastikoegia da, eta dantzarekin nahastea pentsatu genuen. Akrobaziak modu suabean egiten saiatzen gara emanaldietan».
Helis Legorburu eta gainerako taldekideentzat dantza zaletasun bat da, eta lortzen duten dirua jantzi eta makillaje berriak erosteko erabiltzen dute. Lan ordutegitik kanpo geratzen dira entseguak egiteko, Thalia dantza akademian, astean bitan. «Izan ere, hamar bat dantzari Thalia akademiako kideak gara. Gainerako dantzariak bidean ezagutu ditugu. Adibidez, duela lau urte Tú sí que vales programan finalera iristea lortu genuen, eta casting-ean break danceko mutilak ezagutu genituen. Horietako bi, Imanol eta Jose Mari Peso, Fama programan agertu ziren», azaldu du Legorburuk.
2005. urtean sortu zuten taldea, Donostian, eta ordutik ekintza askotan parte hartu dute, baina batik bat enpresentzat lan egiten dute: hitzaldi, sari emate eta antzekoetan dantza egiten dute.
Donostiako Aste Nagusia. Helis Legorburu. Acroindar taldeko zuzendaria
«Neskato baten ametsak koreografia bihurtu ditugu»
'Mugarik gabe' emanaldia eskainiko du Acroindar taldeak Gipuzkoa plazan, gaur gauean. Koreografia guztien fusioa egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu