Gutxitan izaten da aukera elkarrekin ikusteko 1980ko new-waveren mina dutenak eta gazte gotikoideak. Bihar une bitxi horietako bat izango da, Bilboko Azkena aretoaren urtebetetze jaian, eta, gainera, doan.
A Place to Bury Strangers taldeak New Yorkeko noise musika ekarriko du. Suicide, Bauhaus eta The Stooges taldeen miresleak dira APTBSkoak, eta Jesus & Mary Chain ekartzen dute gogora; haiekin jo zuten 2007. urtean. Distortsioak eta bestelako efektuak dira hirukotearen soinuaren oinarria. Izan ere, Oliver Ackermann abeslari eta gitarrista efektu pedalen fanatikoa da, horiek fabrikatu eta saltzeko bere konpainia propioa izateraino-Death By Audio-.
«Gitarra paranoikoen gaindosi» gisa deskribatu du haien soinua New Musikal Express aldizkariak. Taldeak belarriak jotzeko ahalmena nabarmendu dute The Washington Postek eta The New York Timesek«1980ko revivala» ikusi zuen hirukotearen feedback eta distortsioz beteriko soinuan.
Berrogei urtetik gorakoak gazteagoekin lotzeko erreferentziak ere ematen ditu taldearen historiak. MGTM, Nine Inch Nails eta Black Rebel Motorcycle Club taldeekin partekatu dute agertokia. Azken diskoa 2009. urtean argitaratu zuten, Exploding Head izenburuarekin.
A PLACE TO BURY STRANGERS
Noiz. Bihar, 21:00etan, Azkena aretoan, Bilbo.
New Yorkeko doaneko zarata
A Place to Bury Strangers taldearen gitarrak eta efektuen gehiegikeria Azkena aretoaren urtebetetzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu