Jon Iraundegi irundarra 80 eta 90eko punk eszenaren argazkilari modura izendatu dute Banizu Nizuke elkarteko kideek. Eta ez da gutxiagorako, garai horietako ehunka argazki baitauzka Iraundegik, ehunka kontzertutara ere horrelaxe joan baitzen (eta joaten da): argazki makina lepotik zintzilik. Orain, garai haietako argazkiak biltzen dituen liburua argitaratu diote, Euskal Rockaren ikus puntu bat izenpean.
Noiz eta nola hasi zinen kontzertuetako argazkiak ateratzen?
1984ko abuztuaren 11n hasi nintzen, AC/DC taldeak Donostian bigarrenez jo zuen egunean. Huraxe izan zen nire lehen kontzertua ere, eta argazki kamera eramatea erabaki nuen. Beraz, nire aitari eskatu nion bere kamera, eta hortik aurrera joaten nintzen kontzertu guztietara kamerarekin joaten nintzen. Hurrengo nire urtebetetzean kamera bat oparitu zidaten, Nikon bat, eta harekin joaten nintzen kontzertu guztietara.
Gipuzkoako punkaren eszenaren ordezkaritzat jo zaituzte Banizu Nizuke elkarteko kideek...
Bai, baina ni ez naiz argazkilaria, niretzat hori zaletasun bat da. Batzuek, paisaiak erretratatzen dituzte, eta nik, kontzertuak. Hala ere, izan nuen denboraldi bat zuzeneko argazkiak ateratzeari utzi niola, nekatu edo aspertu egin nintzen apur bat. Baina kamera digitalak hasi zirenean, berriro hasi nintzen argazkiak ateratzen. Baina lehen bai, hastapenetan bai, beti ibiltzen nintzen kontzertuetako erretratuak ateratzen.
Ez ziren gutxi izan, gainera...
Ez... Nire afizioa argazkigintza eta zuzeneko musika, rock-and- rolla izan dira. Eta, beraz, biak uztartu izan ditut.
Denbora horretan, zuzeneko musika nola aldatu da?
Baliabideak eta kontzertuen soinua asko aldatu da, baita jendea ere. Lehen beste jarrera bat zuen jendeak, kontzertuetara erabat bere onetik ateratzera joaten zen. Eta orain, berriz, jendea askoz lasaiago joaten da kontzertuetara, musika entzutera gehiago. Lehen, kontzertuak gaztetxe eta frontoietan izaten ziren, eta orain, beste lokal batzuk daude, horretarako aproposagoak.
Eta zuzeneko argazkigintza?
Digitalak asko aldatu du guztia. Lehen, kontzertuetako argazkiak ateratzera joaten ginenak oso gutxi ginen, eta, askotan, ni bakarrik egoten nintzen. Orain, berriz, edozein kontzertutan badira hiru edo lau pertsona argazkiak ateratzen; argazki kamera onekin, gainera. Horregatik, nire liburu honek izan dezakeen balioa hori da, Cicatriz, Kortatu, La Polla edo Dut taldeen zuzeneko argazki asko dauzkadala, horrenbeste argazkilari ez zeuden garaietakoak. Gaur egun, ordea, Berri Txarrak taldearen argazki asko daude. Esan daiteke digitalak jende asko bultzatu duela argazkigintzara.
Nola hartu zenuen liburua argitaratzeko proposamena?
Niretzat sorpresa izan zen horrelako proposamen bat egitea, baina pozgarria oso, orain arte ez baitaukat libururik argitaratuta...
Fermin Muguruzak, gainera, hitzaurrea idatzi dizu...
Bai, ni beti izan naiz oso Kortaturen zalea, baita Negu Gorriak-ena ere. Fermin bera duela askotik ezagutzen dut, eta, beraz, liburua argitaratzea proposatu zidatenean pentsatu nuen berak egin zezakeela hitzaurrea. Gainera, liburuan bera askotan ateratzen da, eta berak idaztea ohore bat izan da niretzat.
Jon Iraundegi. Argazkilari amateurra
«Nire bi afizio uztartu ditut: argazkigintza eta rocka»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu