Terry Lee Hale. Musikaria

«Nirvanaren arrakastak Seattleko musika giroa suntsitu zuen, hein batean»

Texasko sortzailea bakarlari gisa etorri da honako honetan Euskal Herrira. Gasteizen, Beran eta Donostian jo ondoren, igandera arte ibiliko da geurean, ahots gozoko country alternatiboa zabaltzen.

Edu Lartzanguren.
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Terry Lee Hale (Texas, AEB, 1953) The Walkabouts taldearekin atera zen munduko agertokietara 1980ko hamarkadan. Aspaldi honetan, Parisen bizi da, eta etengabe dabil Europan biran, bere poesia eta country alternatiboa eskaintzen. Atarrabian joko du gaur (Nafarroa), 20:00etan, kultur etxean. Bihar, Hondarribian arituko da (Gipuzkoa), Psylocibenea aretoan; hurrengo egunean, Gernikako Trinketen (Bizkaia), eta igandean, Urretxuko Osaba tabernan (Gipuzkoa).

Urteak daramatzazu Euskal Herrira etortzen. Aldaketarik sumatu duzu zeure kontzertuetako entzule motan?

Beti hartu naute ondo Euskal Herrian, eta horrek hala jarraitzen du. Beraz, oso pozik itzuli naiz. Harro nago hemen jotzeaz. Jendea beti da atsegina nirekin hemen, eta Frantzian hainbat emanaldi entzule serio eta goibelentzat eman ondoren, zoragarria da aurpegi irribarretsuak ikustea.

Giro tristea jasan arren, Parisen bizitzen jarraitzen duzu?

Aukera banu, utziko nuke Paris, ziurrenera. Garestia da eta ez dago musika mugimendurik, ez behintzat nik egiten dudan musika motarentzat. Baina nonbait bizi behar duzu, eta nire emazteak lan ona dauka Parisen. Izan ziur, halere, ez naizela hor biziko, demagun, hamar urte barru.

Beti ibiltari zu: zer egiten zuen, esaterako, Texasko musikari batek Seattlen 1980ko hamarkadan?

Texastik joan nintzen, besteak beste ez nuelako uste neure musika bat zetorrenik Texasko estiloarekin. Leku horrek musika tradizio zaharra du, baina baita oso sendoa ere, eta horrek zaputz ditzake beste loreak. Ez nuen Texasko Mendebaldeko swing rocksoinurik izan nahi; musikari akustiko tradizionala nintzen orduan. Seattlen ez zegoen arreta guztia bereganatzen zuen estilorik; askoz zabalagoa zen. Horregatik, errazago zitzaidan urteetan pilatutako estilo guztiak han nahastea eta taularatzea. Horregatik joan nintzen hara bizitzera, besteak beste.

Nirvanaren Nevermind diskoaren 20. urteurrena ospatu dugu aurten. 1991. urtean guztiak bat-batean Seattlera begira jartzea lagungarri izan zitzaizun ala grunge mugimenduaren nahi gabeko kalteak pairatu zenituen?

Seattleko musika komunitateko kidea nintzen, lagunekin batera, baina nork berea egiten zuen han. Denok genekien zer edo zerk eztanda egingo zuela hirian, talde eta klub asko zeudelako garai hartan. Nevermind-en arrakastak ez zidan eragin musika aldetik, baina bizitza aldatu zidan: bat-batean milaka talde Seattlera joan ziren eta hango giroa aldatu egin zen: Nirvanaren arrakastak suntsitu egin zuen, hein batean.

Aurten, ez duzu baxu jotzailerik ekarri, eta dobro tresna etxean utzi duzu.

Gitarra eta hamabi hariko gitarra ekarri ditut. Talde bat osatzen ari naiz Parisen, eta datorren urtean ekarriko dut, beharbada.

Terry Lee Hale Band, agian?

Entzuleek izena ezagutzea garrantzitsua da, baina talde bat izatea nahi dut, hau da, ez dut zertan burua izan.

Azken diskoa 2007an argitaratu zenuen [Shotgun pillowcase]. Denbora asko grabatu gabe, ezta?

Badut garaia beste disko bat ateratzeko. Datorren urterako. Badut izenburua, baina ez dut goizegi esan nahi.

Pettirekin atera asmo zenuen diskoa entzungo al dugu inoiz?

Hala espero dut, biok koordinatuz gero disko zoragarria aterako litzatekeela uste dudalako. Hatzak gurutzatuta dauzkat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.