Nobel saria, immunitate sistemaren ikerketarentzat

Medikuntzako Nobel saria Jules Hoffmann frantziarrari, Bruce Beutler estatubatuarrari eta Ralph Steinman kanadarrari eman dieteRalph Steinman joan den ostiralean hil zen, eta kolokan dago haren Nobel saria

xabier martin
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Sari bakarra hiru sariturentzat. Medikuntzako Nobel saria hiru ikertzaileri batera eman diete, eta sariak berekin dakarren diru kopurua partekatu egin beharko dute. Medikuntzan zabala den atal batean aritu dira azken urteotan hirurak: immunitate sisteman. Bruce A. Beutler estatubatuarrak eta Jules A. Hoffmann frantziarrak sariaren erdi bat partekatuko dute (1,1 milioi euro); beste erdia Ralph Steinman kanadarrarentzat izango da.

Steinmanek, ordea, ez ditu ezagutuko Medikuntzako Nobel saria irabazteak ekartzen duen nazioarteko onarpena eta ospea, ostiralean hil baitzen, irailaren 30ean. Eta horrek arazo bat dio Nobel batzordeari; izan ere, sariaren oinarrietan —1974an finkatutako araudia— garbi azaltzen da Nobel saria ezin zaiola eman hildako bati. Gerta daiteke saria erabakitzea saritua bizirik dagoela baina jaso aurretik hiltzea. Araudiak baimentzen du hori.

Ralph Steinman kanadarraren Nobel sariarekin zer gertatuko den jakiteko «goizegi» da oraindik. «Nobel fundazioarekin batera aztertuko dugu heriotza honek zer ondorio izango dituen», esan du Goran Hansson-ek, Nobel batzordeko idazkariak. «Ustez ezin da hildako egile bat saritu, baina hau egoera oso berezia da, erabakia hartu eta ordu gutxira hil baitzen Steinman».

Terapia berriak

Edonola ere, immunitate sistema aktibatzeko giza gorputzean martxan jartzen diren mekanismoen ikerketa saritu du Nobel batzordeak. Hala sendakizunak nola sendagaitzak diren hainbat gaixotasunetan aurrerakuntza handia izan da horri esker, terapia arloan. Esaterako, zenbait minbiziri aurre egiteko ezinbesteko bihurtu dira immunitate sistemarekin lotutako terapiak. Atal horretan hartu dute sona Beutlerren (Chicago, AEB, 1957) eta Hoffmannen lanek (Echternach, Luxenburgo, 1941). Immunologia kongenitoa aktibatzeko aurrerapauso nabarmenak eman dituzte, eta haiei esker, minbiziak bakarrik ez, artritis erreumatikoak, Chronen gaitzak eta psoriasiak berak ere beste era bateko sendabideak dauzkate gaur egun.

Era berean, gizakiaren immunitate sistema indartzeko eta martxan jartzeko ikerkuntzan aritu da Ralph Steinman (Montreal, Kanada, 1943-2011). Baina, haren kasuan, Nobel saria zelula dendritikoaren aurkikuntzarekin dago lotua. Zelula hori ezinbestekoa da gizakien immunologia egokigarrian aurrera egiteko; hori da gorputzaren erantzun immunologiakoaren azken aroa. Hala esan du Nobel sariak banatzen dituen erakundeak, Stockholmgo Karolinska institutuak.

XX. mendean giza immunologiaren osagaiak identifikatuz joan dira zientzialariak, banan-banan. Gainera, horietako batzuk Nobel sariarekin lagundu dituzte. Baina gorputzak berez duen erantzun inmunologikoanola aktibatzen zen ezezaguna zen aurten saritu dituzten hiru ikertzaileek euren lanak osatu arte. Halaber, misterioa zen berezko erantzun inmunologikoaren eta erantzun immunologiko egokigarriaren arteko harremana nola garatzen zen, harik eta Beutler, Hoffmann eta Steinmanek azaldu zuten arte. Kanadarrak zelula bat deskubritu zuen 1973an, zelula dendritikoa. Zelula horiek T zelulak aktibatzeko gai zirela azaldu zuen. Gorputzaren oroimen immunologikoa garatzeko, ezinbestekoak dira T zelulak. Hala, immunitate sistema egokigarria nola aktibatzen den azaleratu zuen.

Gaur, fisikakoa

Horrenbestez, Robert G. Edwards (Manchester, Erresuma Batua, 1925) iazko Nobel saridunaren lekukoa hartu dute hiru zientzialariek. Era berean, In vitro ernalkuntzaren gaiak lekua utzi dio immunitate sistemaren ikerketari. Atzo jakinarazitako medikuntza alorreko aitortzak ireki du aurtengo Nobel sarien zerrenda. Gaur, Fisikako saria jakinaraziko du Karolinska institutuak, eta, bihar, Kimikakoa. Literatura, Ekonomia eta Bakearen Nobel sariek osatuko dute zerrenda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.