Nobelen bakea

Lucien Etxezaharreta.
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Txinako gobernua Liu Xiaobok eskuratu duen Bake Nobel Sariaz haserre dela nor kezkatuko da hemen? Handiak erraz gaitzitzen dira norbaitek nonbait beren ustez zor dien ukurtasuna ez delarik nabaritzen. Bada ere zerbait irringarririk jakitean saria eman den ordu berean Sarkozy Erroman zela Aita Sainduari ukurtasun zerbait agertuz: katolikoen botoak zalantzan jarri omen baititu bere Carlarekin ezkonduz eta imigratuei buruz hainbat bidegabekeria aginduz...

Gogoeta arina da menturaz Alfred Nobelen dinamitak duela Bake Sari hori eragin. Si vis pacem para bellum, «bakea nahi baduzu, prestatu gerra» esaldia ez da gaurkoa eta beti eragile! Funtsean, euskaldunok bake hitz hori Erromako agintarien eskutik dugu 2000 urte hauetan: egiazko ahoskatzearekin gainera, pacem hori pakem ahozkatu baitzuten gure aintzinagoko «kantabre azkar horiek».

Bakearen Nobel saritu bat edo beste Euskal Herriarentzat bake bide jorratzen ari direla jakina da. Bake ideia hori unibertsala dela eta, ez dea harritzekoa hain zaila izatea horren bideratzea?Berdin hori lortu lezakeenak Sari horren pretentzionea baluke. Bada hargatik Le Duc Tho vietnamdarraren kasua: Kissinger amerikanoarekin bazuen solas gogorrik Pariseko negoziazioetan, baina, azkenean, Bake Sari hori eman zioten 1973an. Eta berak ez onartu! Bakearen errespetuz? Sartrek bezala 1964an. Pasternaki sobietar buruzagiek uko eginarazi zioten 1958an, eta Hitlerrek hiru jakintsun alemaniarrei 1938 eta 1939an. Bake bideak zailak direla!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.