Berrogeita hamar urte bete ditu kaseteak, baina gazte gutxik dute haren berri. Iragan mendeko 80ko hamarkadan, musika entzuteko, trukatzeko eta erosteko modua aldatu zuen, baina, beste hainbat asmakizun bezala, gure bizitzatik ia erabat desagertu zen teknologia berriagoak erabiltzearekin batera: CDa, DVDa, iPoda edota grabagailu digitalak.
Soinua grabatzeko kasetea Philips enpresak sortu zuen, 1962. urtean. Hasiera batean, diktaketak grabatzeko sortu zen, eta, 80ko hamarkada iritsi arte, oharkabean pasa zen gailu bat izan zen. Grabaketa kalitatea hobetu ahala, musika merkaturatzeko euskarri nagusi bihurtu zen. Artean, binilo diskoak ziren nagusi, eta euskarri horretan entzuten zen musika. 1980. urtean, kalitate hobea zuen metalezko zinta agertu zen, eta diskoetxeak musikarien lanak bi euskarritan batera merkaturatzen hasi ziren, bai binilo diskoan eta bai kasetean.
Kasetea ezagun egin ahala, erreproduzitzaile eramangarriak agertzen hasi ziren. Horrek iraultza ekarri zuen. Nahi zen musika nahi zenean eta nahi zen tokian entzuteko aukera ematen zuen. Garai hartan, tresna teknologiko horiek egun MP3ak eragin duen gizarte iraultza bera eragin zuten. Erabiltzaileak kasete zinta batean nahi zuen musika graba zezakeen nahi zuen tokira eramateko. Horrek musikaz gozatzeko modua aldatu zuen. Norberak bakardadean gozatzeko aukera eskaini zuen, batetik; eta entzuten zuen musika nahierara egiteko aukera eskaintzen zuen, bestetik, gustuko bildumak edo artistak bateratuz euskarri berean.
Merkatuari begira ere aldaketak ekarri zituen. Kopiatzeko erraztasunak atzerriko musika erraz ekartzeko aukera eskaini zuen, eta musika mota guztietara iristeko bidea eman zuen.
Egun, CDak eta MP3ko grabaketak aurrea hartu diote kaseteari. Are gehiago, ustez bazterrean eta ahanzturan utzi behar zuen binilo diskoaren atzetik ere gelditu da. Izan ere, ez du MP3aren teknologia aurreratua, eta ez du biniloaren kultuko izaera.
Duela hamar urte, kasetea behin betiko desagertuko zela zioten, eta, egia aitortzeko, euskarri hori oroitzapen gozo gisa gelditu da askoren memorian. Batez ere Sony etxeak walkmana egiten ez duenetik. Kasetearen urrezko garaia 80ko hamarkada izan zen. Britainia Handian, soilik 1989. urtean 83 milioi ale saldu ziren. Mundu mailan kaleratzen zen musikaren %54 euskarri horretan erosten zuen jendeak orduan. Bitxia bada ere, egun MP3arekin gertatzen den moduan, diskografiken industria euskarri horren aurka jarri zen: pirateria egotzi zion, eta musika hilen zuela salatu zuen. Egun, artista batzuk, garai bateko oroitzapenak bultzatuta edo, kasetean edizio bereziak argitaratzen hasiak dira. Horien artean daude: Dirtu Proyectors, Washed Out eta Deerhunter taldeak. Garai batean, ehunka ziren, baina egun, oraindik ere, gelditzen dira kasetean espezializatutako zigilu bakan batzuk, Scotch Tapes, kasu. Asia, Afrika eta Latinoamerikako hainbat herrialdetan oraindik ere musika zintetan banatzen da. Interneten ezaguna da Awesome Tapes from Africa bloga. Kontinente horretako musika berezia jasotzen du, eta edukia deskargatzeko aukera ere ematen du.
Dokumental eta guzti
Egun gutxi erabiltzen den arren, badirudi kaseteak ez duela hil nahi, ez eta antigoaleko gailu gisa har dezaten. Oraindik, badira munduan musika lanak kasetean kaleratzen dituzten diskoetxeak: Zimbabwen, Erresuma Batuan, Ameriketako Estatu Batuetan eta Japonian.
Kaseteak aurki film bat ere izanen du. Oxfordeko ingelesezko hiztegiak cassette tape hitza bere orrietatik ezabatu zuenean sortu zen gailuaren inguruan dokumental bat egiteko aukera.
Egitasmoa Zack Taylor eta Seth Smoot argazkilarien lana izanen da. Proiektua aurrera ateratzeko hasi dira sarearen bidez dirua biltzen. http://www.kickstarter.com webgunearen bitartez ari dira dirua biltzen eta proiektuaren berri ematen. Bi egileek dokumentalaren aurrerakina erakusten dute sarean. Oraindik kasetea euskarri gisa erabiliz lan egiten duten produktoreen, diskoetxeen eta artisten iritziak bista daitezke bertan. Lanaren helburua oso ohikoa da: 80ko hamarkadan musikaren merkatua irauli zuen euskarria berreskuratzea eta, bidenabar, hari balioa ematea.
Izan ere, Internet jaio aurretik munduko biztanleek kasetearen bidez trukatzen zuten musika, eta, orain, Internet erabili nahi da hura goraipatzeko eta gogoratzeko.
Nork du gogoan kasetea?
Mende erdia besterik ez duen arren, antigoaleko tresna gisa har daiteke kasetea. Hogei urtez beherako gazte gehienek ez dute ezagutu ere egiten, baina oraindik hainbat artista eta argitaletxek kaseteak kaleratzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu