Jende asko ari da biltzen egunotan Euskalguneak antolatutako ekintzetara; hala ere, krisia igarri dute konpartsetako kideek, aurten jendeak gutxiago kontsumitu baitu txosnetan. Oro har, «normaltasuneko balorazioa» egin dezaketela uste dute Hau Pittu Hau konpartsako Igor Kinkozesek eta Hor Dago Abante konpartsako Arantza Ibabek. Izan ere, bi urteren ostean, konpartsa guztiek parte hartu dute Aste Nagusian.
Aurten, Txori Barrotek bere tokia berreskuratu du Euskalgunean, eta Kaskagorri Arriaga atzealdeko gunean da berriro. «Horri dagokionez, jaiak lasaiago eta indartsuago hartzeko aukera izan dugu», azaldu du Ibabek. Uste berekoa da Kinkozes, «Gutxienez, jai normalak izan direla esan dezakegu, normalak neurri batean. Udalarekin arazoak baititugu oraindik», argitu du. Udaleko kideen jarreran mingarriena kontzertuekin gertatzen ari dena gertatzen zaio: «Aurten kontzertuak gutxitu eta lekuz aldatu ditu udalak. Hor ikusten da Aste Nagusiaren aldeko apusturik ez dagoela haien aldetik». Izan ere, «jaietako ardatza ziren», haren iritziz.
Hala izanik ere, Euskalgunean egunotan «jende asko» ibili dela azaldu dute biek, horko kontzertuetan eta ekintzetan urteroko jende kopurua mantendu da. Oro har, «balorazio positiboa» egin daiteke haien iritziz. «Alde horretatik ikusten da jai herrikoien mugimendua polito dagoela, baina jendeak ez daukala dirurik kontsumitzeko», azaldu du Ibabek. Hurrengo urteetan krisiari aurre egiteko zer egin aztertu beharko dutela iritzi dio.
Bertso bazkaria berreskuratu
Bertso bazkaria ere urte bitan egin gabe egon ostean, asteazkenean egin zuten, Euskalgunean. Aurreko urte bietan asteazkena Txori Barrote eta Kaskagorriren falta salatzeko planto eguna izanik, ez zen bazkaririk izan. «Ondo irten da, baina igarri egin dira aurreko urteetako planto egunak. Jendeak galdu egin du ohitura; plantoen aurretik 250 pertsona biltzen genituen, eta aurten 150 inguru bildu dira», azaldu du Ibabek. Hala ere, baikorrak dira biak, eta hurrengo urteetan jendeak ohitura berreskuratuko duela uste dute.
Bilboko Aste Nagusia. Gure txokotik
Normaltasuna bueltan
Aurtengo Aste Nagusira «normaltasuna» itzuli denez, balorazio ona egiten dute Euskalgunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu