Badira, urtea joan urtea etorri, egun jakin baten karietara telebistan sartu-irtena egiten duten, nola deitu, gertakariak. Ez dute hutsik egiten, ttanko ailegatzen dira teleikuslearekin duten zitara, ez garraio publikoa bezala. Gainontzeko hirurehun eta hirurogeita lauetan ez dira agertzen, ez dira existitu ere egiten, baina, eguna iritsita, hortxe azalduko zaizkizu pantailan, formal-formal. Luze gabe, atzo, irailak 8, Hondarribiko alardea.
Eta, alajaina, existitzen dira, bai, egun handiaz landa, asteazkenean berripaper honetan bertan irakurri ahal izan genuen moduan —bide batez, eredugarria oso Ainara Arratibel eta konpainiak gai labainari egin dioten jarraipena; brabo—. «Puta. Urdanga. Lesbiana. Kanpotarra»; «Familia osoa etiketatu gintuzten»; «Gure eguneroko bizitza aldatu zen goitik behera». Eta urte osoan zehar, konpai, urteetan zehar. Badakigu bai, ordea: telebistan agertzen ez dena ez da, eta kito.
Gogoan ditut Hondarribiko alardea (eta Irungoa, bistan da) telebistetan ateratzen zituzten garaiak. Garai gogorrenak ziren, kolpeak entzuten ziren, irainak ikusi, ustez legearen berme diren horiengandik hasita. Primerako materiala, bazka ezin hobea, ikuskizuna bizi besterik nahi ez dutenentzat.
Pentsa, Tele5 eta kidekoetan erakusten zuten haragi hori guztiori, eta Pedro Piqueras ez zen artean iritsi, terrible, apocalíptico izenlagun zerrendarekin, informatiboetako zuzendari izatera. Gauza guztiek dute beren aitzindaria.
Azken urteetan, ordea, normaltasunez joan ohi da kontua. Luze gabe, atzo, eguna normaltasunez joan zela esan digute, istilu, gorabeherarik gabe. Gustu txarreko txantxa iruditzen zait. Ez al da nahikoa gorabehera, ez nahikoa anormaltasun, urtea joan urtea etorri —eta hamabost dira aurtengo honekin—, emakume batzuek, emakume izate soilagatik, beren herriko jai nagusian ezin parte hartu izatea? Zer du normaletik festa orro, txistu, irain euri baten erdian egiteak? Zer beltzez jantzitako zera armatuen ondotik desfilatzeak? Ez dakit nork hartu dion nori diskurtsoa, telebistako kazetariek arduradun politikoei edo arduradun politikoek telebistako kazetariei, baina uste dut garaia dela, hasteko, gauzak bere izenez deitzekoa. Besterik ez bada, zor diegu Hondarribiko (eta, bistan da, Irungo) emakumeei.
Komunikazioa. Ekografiak
Normaltasunaren alardea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu