Paxkal Indo

«Ofizialtasunaren borroka gure herrian lortua dugu jada»

Kultur panoramaren parte da; txalaparta, txirula eta beste tresna batzuk jotzen ditu. Seaskako lehendakaria da, eta liburu eta diskoak argitaratzen ditu ZTK elkartean.

Joanes Etxebarria.
2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Goizean, bilkura bazuen frantses hezkunde nazionaleko ordezkariekin, irakasle lanpostuak negoziatzeko. Seaskako lehendakari gisa iragan dituen bost urteetan, behin eta berriz egin du lan hori, beste batzuen artean.

Horra euskalgintzako diplomata, beti negoziatzen ari dena!

Bai, nolazpait halako zerbait da. Egia da Iparraldeko euskalgintzan Seaskak duen egitekoa inportanta dela; lehenik, kopuruengatik: gaur egun, 3.000 ikasle ditugu laster. Baina kalitatez ere bai: badakigu maleruski ikastolak baizik ez dituela euskaldunak egiten. Ene burua ez dut hala ikusten, baina iduriz besteek bai. Egiteko hori norbaitek bete behar baitu, eta Seaskako lehendakaria naizeno, hala izanen da.

Baina gauza bat errango dizut: diplomata nekatzen ari da, eta nekatzen den diplomata batek usu erabaki txarrak hartzen ditu.

Deiadar manifestaldian 7.000 pertsona bildu ziren. Pilak kargatu dituzu?

Jakin ezazu baietz! Baina biziki lanjerosa da Deiadarren gisako manifestazio bat egiten dugularik... Porrota egin bagenu, nolazbait urteetako eta urteetako lana zalantzan ematen ahal duzu. Mobilizatzeko gaitasuna galduko dugularik, euskara hila izanen da, ni horretaz segur naiz. Eredu militanteak du euskara atxiki.

Seaskako lehendakariak ere taloak egin behar ditu?

Lehenik, egiten ditut; bigarrenik, jaten ere, eta, egia erran, Eskualdeko Kontseilu eta horietan pintxoak baitira, maite ditut. Kargatzen hasi naiz karguan. Nik errana dut behin baino gehiagotan, buraso arrunta naiz, Seaskaren egitura hala baita. Oraindik ere egitura demokratikoa dugu, ez du lehendakariak erabakitzen zer egin. Zer erran bai, askeegia naizelako...

Entzun zaitut elkarrizketa batean erraten Ipar Euskal Herrian euskara ofiziala dela. Horrek azalpen bat merezi du.

Pixka bat korapilatsua da... Ofizialtasuna zer da, eta nor da gai guri ofizialtasuna emateko? Egun ikusten dudalarik hautetsi gehienak euskararen irakaskuntzaren alde direla, ikusten dudalarik Seaskan Frantziako Estatuarekin eta EEPrekin negoziatzen ari garela, kasik erran nezake bai, ofiziala da. Seaska pribatua da juridikoki, eta Euskal Herriko sarean da, baina frantses boterea gai da errateko gure hizkuntza ofiziala dela? Ez dut uste. Bestalde, hemen, hautetsi bakar batek ezin du erran euskararen kontra dela. Zer erran nahi du? Ofizialtasunaren borroka, gure herrian, lortua dugula.

Elkarrizketa berean pozten zinen Bilboko saloi erotikoan ikuskizun pornografiko bat egin zela txalaparta makilekin. Beste sail batera goaz...

Euskal kulturak gauza txarrak egiteko gaitasuna ukanen duelarik, orduan euskara normalizatua izanen da. Elkarrizketa hartan erran nuen pornografia euskaraz eginen dugularik, orduan bai euskara normalizatua izanen da. Ez dut dudarik hortan. Bakarrik elite baten hizkuntza baldin bada, ez da populu osoaren hizkuntza izanen. Ez badugu erabiltzen arlo guzti-guztietan, ez da normalizaziorik. Ez dugu oztoporik eman behar hortan.

Nik txalaparta aipatu nahi nuen... autoan beti garraiatzen dituzu oholak?

18 urtetan hasi nintzen Txomin Larrondekin jotzen; 44 ditut, beraz, pasatzen den egun orok urruntzen nau txalaparta jotzen ez nuen aro horretatik. Nere biziaren parte aberats eta balitaike ere inportantenetarik bat izatea. Txalapartarekin lortu izan dut ulertzea zer zen ene herriarekin eta ene hizkuntzarekin nuen harreman bitxi hori. Esplikatzen dudalarik haur eta helduei nola jo, ohartzen naiz bizi osoaren alegoria dela. Ezin da jo bakarrik, edo bai, baina ez du interes handirik. Bada ere beste zerbait txalapartarekin; makila altxatzean besteari lekua uzten diozula. Zure indar bakarra da besteari lekua uztea. Txalaparta bilakatu da ene filosofia.

Txalaparta, txirula, ttun-ttuna... Musikak bidaiatzeko balio dizu gainera. Herbehereetatik itzuli berri zara. Euskal kultura esportatzen da?

Kultura guztiak bezala... Problema da esportatu nahi den ala ez. Uste dut euskal kultura hedatu behar dela bi arrazoinengatik. Lehenik, gure kultura bizi dadin eskaini behar dugu, eta barnean ere bizi dadin kanpoan balio zerbait baduela erakutsi behar dugu. Harrigarria da hori erratea, baina horrela da. Bigarren gauza da kanpotik ideia berri batzuekin sartzen garela.

ZTK elkartea zer den uler dezagun, konpara ezazu Elkar argitaletxearekin.

ZTK da label independentea, eta Elkar major bat. Sortu genuelarik, 1989an, euskal rocka sostengatzeko tresna zen. Orain, besteetan ateratzen ez diren proiektuak argitaratzen ditut.

Batetik, militantzia; bestetik, merkantilista ez den diskoetxea. Eta bizitzeko?

Dirua sartzen ez delarik, lan txiki batzuk egiten ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.