Arrautza frijitua txistorrarekin, baina txorizorik eta arrautzarik gabe; piper berdea labean erreta, baina oraindik bere landarean zintzilik dela; oilategiko lasto artean, egin berria den arrautza egosia. Pintxo horiek eta gehiago aurkeztu zituzten atzo egin zen Euskal Herriko V. Pintxo Txapelketako finalean. Hondarribian (Gipuzkoa) egin da txapelketa, eta irabazlea bertakoa izan da, hain zuzen. Hondarribiko Gran Sol jatetxeko Bixente Muñozek irabazi du txapela eta 3.000 euroko saria. Negar malkotan zela jantzi zuen txapela, emozioari ezin eutsita. Txapelketaren maila bikaina izan dela esan zuen hitz egiteko eskatu ziotenean. Epaimahaiari eskerrak adierazi zizkion, bai eta lankideei ere. «Eskerrik asko lankideoi ere, hamarrekoa merezi duzue». Aurkeztutako guztiek merezi dutela esan, eta «negarrez baina pozik» dagoela esanez amaitu zuen.
Arrautza egosi arinari omenaldia egin nahi izan dio sukaldariak. «Gaur egun ez da asko erabiltzen, baina, garai batean asko erabiltzen zen, batez ere nire gurasoen tabernan, saldarekin jende askok hartzen zuen». Horretarako, arrautza egosi arina zurituta eskaini die epaimahaikideei. Azpian patata frijituak zituen, baina fin-fin moztuta, lasto itxurarekin. «Oilategian, oiloak arrautza jartzen duen momentua irudikatu nahi dut horrekin, patatak lasto itxura hartzen baitu». Ogi mami frijituak eta txipiroia ere bazeuzkan pintxoak.
Arrautza egosiari gorazarre
Joan den astean hasi zen txapelketa Hondarribiko Arma Plazan kokatutako karpa handi batean. Astelehen eta asteartean 75 partaideen artean 25 onenak aukeratu zituzten, eta herenegun hamar onenak sailkatu ziren finalerako, atzo egin baitzen. Gehienak, ukitu tradizonala ematen saiatu da beren mokaduei. Hori bai, metodo berriak erabili dituzte, ukitu berritzailea emateko haiek aurkeztutako lanei.
Txapel bakarra banatu dute, baina sari gehiago ere izan dira. Bigarren, Manuel Eduardok egin du, Mungiako (Bizkaia) Haritza jatetxekoak. Kasu honetan, 2.000 euroko saria eman diote, lumagorrien erregosia arrozarekin prestatzeagatik. Podiumeko azken postua eta 1.000 euro, berriz, joan den urteko txapeldunarentzat izan dira, Darral Williamson, Bitoque de Albia jatetxekoarentzat (Bilbo). Deustuko tomateak prestatu ditu, «ia galtzear dagoen produktua».
Donostian dagoen Zeruko tabernako Joxean Calvok, berriz, epaimahaiaren aipamen berezia jaso du. Besteak beste, galletak eta pasiozko fruituak erabilita, arrautza frijitua eta txistorraren itxurako pintxoa prestatu du.
Asko landutako mokaduak dastatu dituzte epaimahaiko kideek. Era guztietako produktuak erabili dituzte; betiere, bertakoak. Originalak izaten ere saiatu dira.
Epaimahaiko presidente Aitor Elizegik lehia handia egon dela esan du «800 puntu zeuden guztira, eta lehenengo laurak 45 puntuen barruan egon dira». Astelehenean eta aurreko astean lehiatik kanpo geratutako asko txapela eskuratzeko gai zirela ere adierazi du.
Oilategiko arrautza egosia
Arrautza egosi arinari omenaldia egitearekin batera, Euskal Herriko txapela jantzi du Bixente Muñoz sukaldariak. Haren gurasoen tabernan asko erabiltzen zen jakia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu