2003. urtetik Kubako Kultura Ministerioarentzat dabil lanean, musika eta poesia ibero-amerikarraren zentro batean. Cuba sin manipulaciones hitzaldia emango du gaur, 11:00etan, Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxean. Kubatarren errealitatearen berri emango du, komunikabideek ematen duten irudiaz bestelakoa emanez. Asteartean, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean izango da.
Zertaz mintzatuko zara hitzaldian?
Kubako egunerokoaren errealitatea marrazten saiatuko naiz. Ez naiz egun batzuk turista moduan edo erreportaje bat egitera joan den kazetari bat. Kubatarrekin lan, jan, bidaiatu eta bizitzeko zortea izan dut. Kubatarren bizimodua egin dut, Kubako soldata batekin, eta bizirik iraun daitekela egiaztatu dut. Ondasun asko subentzionatuak daude, eta Estatuaren partetik ez dago bortxakeria iraunkor hori. Kalean ibiltzean kalea zurea dela nabari dezakezu, ez agintariena.
Zerk erakarri zintuen horrenbeste Kuban?
Nire ustez, oinarrizko giza eskubideak gehien errepestatzen dituen herrialdea da Kuba. Nik Kubako iraultza babesten dut, ez Kubako Alderdi Komunista boterean dagoelako, baizik eta gizarteak erakutsi duen independentzia eta ausardiagatik. Iraultzak oso gizarte solidarioa eta jantzia azaleratu du, oso gutxi erreprimitua izan dena. Hango Poliziaren jarreran nabari da hori; ez duzu sekula ikusiko Polizia kubatarrei jazartzen. Beste edozein herrialdek ez luke eramango Kubak duen blokeoa. Kubatarrek 50 urte daramate blokeo hori jasaten; gizarte eredugarria da benetan. Kubako drama honela laburbil daiteke: lehenengo mundu kulturaleko gizartea da, hirugarren mundu ekonomikoan bizi dena. Kontraesana dirudi,kulturak askatasuna ematen baitio gizarte bati.
Komunikabideek, oro har, Kubako errealitatea ondo islatzen al dute?
Mikroskopioarekin begiratzen zaio beti Kubari. Hamar petsona protestaka badaude, hamar mila dira; Poliziak besoetan andre bat eramaten badu, errepresio poliziala da.
Zergatik gertatzen da hori?
Europa eta AEBak erregimen kapitalista autoritarioak direlako. Ezin dugu kapitalismoaz eta demokraziaz hitz egin, antagonikoak baitira. Lau urtetik behin bozkatzeagatik jendeak demokrazia batean gaudela uste du.Jakina da enpresek eta interes taldeek izendatzen dituztela alderdietako hautagaiak.
Kubatarrek parte hartzen al dute herrialdeko erabakietan?
Kubako gizarteak etengabe hartzen du parte oinarrizko komiteetan, lan zentroetan, sindikatuetan, auzoetan... Kubatarrak ohituak daude erabaki handi zein txikietan parte hartzen. Semaforo bat jarri edo kendu, kaleen apainketa... Parlamenturako bozetan Alderdi Komunistak debekatua du parte hartzea. Herritar arruntak iristen dira hauteskundeen bidez Diputatuen Ganberara. Gainera, ganberako %46 emakumeak dira.
Zer daukagu ikasteko Kubako gizartetik?
Erresistentzia aktiboa, zalantzarik gabe. Inperiorik handienaren aurka, AEBen aurka, irmo eutsi diote luzaroan. Zaila da hori, baina gizarte justu bat posible dela pentsatzen dutelako eusten diote. Euren independentziaz harro daude, eta ez dute hori galdu nahi.
«Oinarrizko giza eskubideak gehien errespetatzen dituen herrialdea da Kuba»
Kuba biziki maite du Carlos Tenak (Madril, 1944). Eskarmentu handiko kazetaria izaki, Kubako errealitatea islatuko du, uhartean lanean eman dituen sei urteetako esperientzian oinarrituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu