Osasuna. Sexologia

Olentzero

2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Olentzero zapatu gauean etorri zen. Inork hartu al du gura izan duena? Gure seme-alabei zenbatetan esan diegu Olentzeroren opariak jasotzeko gutxienez eskutitza idatzi behar diotela?

Zer gehiago esaten diegu? Idatzi horretan lehenengo euren burua aurkeztu behar dutela, bestela Olentzerok ez duela jakingo oparia nori eman. Gero, Olentzerori kontatu behar dietela, alde batetik, zelako zintzoak eta jatorrak izan diren urte osoan, zelako gauza politak eta onuragarriak egin dituzten, zelako gustuko jarduerak egin dituzten... Beste alde batetik, argi eta garbi utzi behar dietela zer gura duten Olentzerok ekartzea. Azkenik, eskatutakoa ekarriz gero Olentzerori zer aginduko dioten zehazteko esaten diegu.

Sarri, nagusiok ahaztu egiten gara kontu txiki horiekin. Umeei ilusioz jantzitako mezuak ematen dizkiegu, baina eurentzat baino ez diren itxurakeriarekin. Eta, diot nik, zergatik ez dugu guk ilusio hori irensten, ilusioarekin bat egiten, ilusioan sinesten eta Olentzerori horrelako gutun bat bidaltzen? Badakit ideia hori ez dela berria, eta badakit inork eginda edukiko duela ere, eta beste askokzera esango duzuela, Olentzero eguna igarota, «Agurtzane berandu datorkigu! ».

Tira, nagusiak garenok badakigu beste egun batean ere horrelako idatzi bat egin genezakeela, ezta?

Umeen oporren saioarekin eta Olentzeroren aitzakiarekin joko hau proposatzen dizuet.

Zuon lagunari, bikotekideari, amoranteari, txorta-lagunari... gura duzunari edota gura duzunei idaztea.

«Kaixo (?)

Ni Agurtzane naiz: zati honetan kontatu zelakoa zaren, zeintzuk diren zure ezaugarriak, zeintzuk diren zure abileziak, zure ametsak...

Aurten zuk ekarriko dizkidazun opariak merezi ditut, oso ... izan naizelako. Urteari erradiografia atera iezaiozu. Seguru asko, gauza ezkorrak azpimarratzeko joera izango duzu, baita gogoratzeko ere. Gehienena da. Baina, mesedez, ahalegin handia edo txikia egin ezazu, eta begirada goxo batekin zure urtea zeharkatu, aurki ezazu zenbat gauza baikor izan dituzun, eta zenbat egin, lortu, dastatu, gozatu, ikusi, entzun eta bizi izan dituzun. Konta iezaiozu Olentzero berezi horri!

Urtero legez, eskakizun batekin natorkizu. Olentzeroren aurrekontua ez dakigunez zein den, ezta zuk eskatutakoa edukiko duen ere, aholkatzen zaitut idatziaren zati horretan diru gabe lor ditzakegun opariak aipatzera eta gurari bat baino gehiago ipintzera. Seguru nago ikasturte honetan behin baino gehiagotan gogoan eduki izan duzula zure bikotekideak edo lagunak zuretzat zer edo zer egitea. Hauxe aukera ederra, eska iezaiozu: aspaldian ematen zenituzten ibiliak, afari goxo-goxo bat prestatzea, txortan egitea paraje ezkutu batean, parranda elkarrekin egitea, zure gorputzerako jostea musuz egindako pijama bat, asteburu bat umeen ardura eduki barik, gau bat zure esanetara, aste pare batez harrikoa egitea...

Eta gutuna amaitzeko, zer egiteko prest zauden Olentzerok zuk eskatutako ekartzen badizu. Ondoren, eskertu eta sinatu!»

Animo, ba, ea Olentzerok zer dakarkizun. Berandu bada ere, zuk badakizu non bizi den eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.