Omenaldia burdinari

Burdinaren Eguna ospatuko dute bihar, Urdazubin; idiekin garraiatuko dute burdina, antzina bezala

Antzina egiten zuten bidea egingo dute idiek, eta, monasteriora iristean, abadeari emango diote burdina. BERRIA.
2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Burdinaren Eguna ospatuko dute bihar, Urdazubin (Nafarroa). Egun batez bada ere, antzina zuen itxura hartuko du herriak. Usadio zaharra ezagutzera eman nahian, burdin minerala idi gurdietan garraiatzen zeneko ibilbidea antzeztuko dute, besteak beste. Bosgarren urtez egingo dute aurten Burdinaren Eguna, eta gaiarekin lotutako egitarau zabala antolatu dute.

Goizeko hamarretan emango diote hasiera jaiari, eskulangintza azokarekin. Guztira, 35 eskulangile inguru bilduko dira plazan. Haurrentzat, berriz, puzgarriak jarriko dituzte. Helduek nahiz haurrek izango dute, hortaz, goizaz gozatzeko aukera.

Burdinaren ibilbidearen antzezpena geroago hasiko da, 11:30ean. Burdin mineralaren segizioak idi gurdi batean garraiatuko du burdina, Axularretik plazaraino. Jarraian, monasterioraino eramango dute. Izan ere, antzina, meatzeetatik monasterioraino eramaten zuten burdina, eta abadeari ematen zioten, urrezko txanpon batzuen truke. Biharko antzezpenean ere izango da hori ikusteko aukera. Amaitutakoan, hitzaldia emango du Miguel de la Quadrak, monasterioko elizan bertan.

Eguerdian, zikiro jana

Goizeko jirabirekin gosetzen direnentzat, zikiro jana izango da pilotalekuan, 14:30ean. Bazkalondoan, berriz, Elegancia Mexicana taldeko mariatxiek alaituko dute giroa. Bazkarirako sarrerak 30 euro balio du, eta aurrez erosi ez duenak bihar bertan eskura dezake pilotalekuaren sarreran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.