Ondarearen Egunak ospatuko dituzte asteburuan Ipar Euskal Herriko herri eta hiri askotan. Normalean bisitarien begiradatik at gorde ohi dituzten monumentu historikoen ezaugarriak bertatik bertara ezagutu ahalko dira. Monumentu horien barrenak sakontzeko aukera izango du bisitariak.
Baionako katedralean, esaterako, dorrera igotzeko aukera eskainiko dute gaur, 15:00etatik 17:00etara. Katedralaren pareko Pasteur plazan elkartuko dira. Bestalde, kanpoko begiradei itxita egon ohi den gaztelu zaharra ere irekiko dute. Baionako hiri barneko eskailerak ere ezagutzera emango dituzte.
Miarritzen, Baiona eta Lapurdi itsasaldeko orkestrako musikariek animatuko dute arrantzaleen portua, bihar, 16:00etan. Horretaz gain, Fraçon eremuaren, enperadorearen kaperaren eta itsasargiaren ateak irekiko dituzte.
Herriko margolari, argazkilari eta eskultoreen tailerrak ezagutu ahalko dira Angelun. Artista bakoitza non egongo den Anglet.fr webgunean aurki daiteke.
Hendaian, Bidasoa bazterreko Mairuen bizitokiak ezagutaraziko dituzte asteburu osoan. Baldintza bakarra aldez aurretik izena ematea da. Ondoko telefonoan eman daiteke izena: (0033) 559- 20 00 34.
Donibane Garazin Zitadela kolegioa bisitatu ahalko da gaur, 10:00etan eta 16:00etan, Done Jakue atetik. Maulen, berriz, XVI. mendeko Andurain gazteluak ateak irekiko ditu. Horrez gain, Mauleko bisita animatua proposatuko dute, 17:00etan.
Gerizpean
Ondarea, denon eskura
Ondarearen Egunen harira, gorderik atxikitzen duten ondarea erakutsiko dute asteburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu