Ez du haien sekretua argitara atera nahi. «Coca Cola nola egiten den jakiten denean nik gure errezetaren erdia kontatuko dut, eta hemendik 50 urtera emango dut beste erdiaren berri», dio umoretsu Fermin Goenagak. Onddoekin egindako likorearen asmatzaileetako bat da Goenaga. Luis Romerok lagundu dio, eta probatu dutenen artean arrakasta izan du edariak. Onddo usain eta gustu gozoko likorea egin dute; alkohol zaporearen zantzurik apenas duena, eta erraz sartzen dena.
Urretxuko (Gipuzkoa) jardunaldi mikologikoetan eta, herrian bertan, Zumarragako buzkantza lehiaketan aurkeztu dute orain gutxi likorea. Baina ez dute publizitatea egiteko behar handirik izan; 54 botila atera, eta guztiak saldu baitituzte. «54 urte bete ditut aurten, eta 54 pribilegiaturentzat egin genituen botilak».
Aspaldidanik datorkio likoreen inguruko interesa Goenagari. Ostalaritzari lotutako bizitza izan du; gaztetxotan herrian hasi, eta Suitzan eta Italian ere denboraldiak egin ditu lanean: «Han piztu zitzaidan koktelak egiten jakiteko kuriositatea». Itzuleran, Zumarragan Zelai Aristi kafetegia ireki zuen. «Nire kontura ikasi dut. Leireko monasterioan anaia German ezagutu nuen. Leireko likorea egiten du hark, eta bere sekretuak kontatu zizkidan», esan du Goenagak.
Hogeita hiru gradukoa
Romero laguna du. Perretxikoak biltzen abila da hura, eta biak batera onddo bila mendira joatean sortu zitzaion ideia Goenagari. «Eta zergatik ez onddoekin probatu?». Hainbat esperimentu egin ondoren, azkenean gustura geratu dira lortutako emaitzarekin. «Testura egokia bilatu nahi nion, eta gozoa izatea nahi nuen; graduazio atsegina izan zezala. Jende guztiak edateko moduko zerbait neukan buruan». Hogeita hiru graduko likorea atera zaie.
Onddo guztiak haiek bildutakoak dira, «Euskal Herrikoak» eta «labeldunak», gaineratu du txantxetan Goenagak. Eta ekoizpena ere etxean egina. «Ez du ez gustua indartzeko koloratzailerik ezta anisik ere. Pazientzia eta maitasuna; horixe bakarrik du». Perretxikoen artean onddoak bereziak direla azpimarratu nahi izan du Romerok: «Onddoa oso fina da. Berak du lurrinik gehien. Aurtengo urtea eskasa izan den arren, guk zerbait bildu dugu».
Alkohola Italiatik ekartzen du Goenagak, hemen debekatuta baitago saltzea. Italieraz hitz egiten hasi da halako batean. «Italiako limoncelloa egiten ere badakit. Limoncello ona; ez hemengo supermerkatuetan dauden hiru euroko botilako hori!».
Likorearen patentea erregistratzeaz gain, edaria hobetzen jarraitzeko asmoa dute, eta, horretarako, probatu dutenei test bat pasatu diete produktua nola ondu jakiteko. Gainera, Zumarragako Ziaboga erretegiak onddo likorea erabiliko du hainbat plateretan, laster. «Haragia eta foie grasekin oso ondo doa. Zaporea eta lurrina ematen die. Foie grasarekin egiten dugun azpizunari zurrusta bota, eta goxoa geratzen da oso», azaldu du Edorta Alvarez de Arcaia Ziaboga erretegiko sukaldariak.
Onddoak, tragoxkatan
Onddo gustuko likorea asmatu dute Fermin Goenagak eta Luis Romerok. 54 botila atera dituzte, eta guztiak saldu dira. Haiek bildutako onddoekin etxean egiten dute edaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu