Legazpik (Gipuzkoa) merezitako omenaldia egingo dio igandean artzaintzari. Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko dute, eta egun osorako egitaraua prestatu dute. Egun batez bada ere, lana alde batera utzi, eta jaian murgilduko dira Gipuzkoako artzainak.
Goizeko hamarretan irekiko dituzte postuak. Euskal Herriko latxa arrazako ardi eta ahariak egongo dira ikusgai goiz osoan. Era berean, gazta erosteko aukera eta sagardo dastatzea izango dira. Giro ederra aurkituko du, hortaz, goizean Legazpira joaten denak.
Dena den, goizeko ekitaldi nagusia Gipuzkoako Artzai Gaztaren 28. Lehiaketa izango da, 11:00etan. Ardi Okelaren 23. Lehiaketa ere izango da, 12:00etan. Jarraian, jendeari banatuko diote ardi okela.
Artzaintzaz gehiago ikasi nahi duenarentzat, bestalde, hainbat ikuskizun izango dira goizean. 11:15ean, lehen gazta nola egiten zuten eta orain nola egiten duten azalduko dute. 12:15ean, berriz, ardiak nola mozten dituzten ikusteko aukera izango da.
Omenaldiak ere izango dira. Julian Korta eta Juan Aldasoro Gipuzkoako artzainak eta Martin Irazoki eta Santiago MitxelenaAmeriketan artzaintzan aritutako euskaldunak omenduko dituzte.
14:30ean, herri bazkaria egingo dute Aitxuri jatetxean. Txartelak salgai egongo dira goizean. Arratsaldean, berriz, Gipuzkoako 44. Artzain Txakurren Txapelketa egingo dute Urtatzako zelaian. Ekitaldi horrekin amaituko dute aurtengo Artzain Eguna.
Ondo merezitako jaia
Gazta lehiaketa eta artzain txakurren txapelketa izango dira Legazpiko Artzain Egunean, igandean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu