Bihar, BERRIAn

Orbel arteko egunak

Mendia eta lurra lehor daude, eta, udazkena izanagatik, onddo gutxi dago. Perretxikoak egon edo ez, badira astean oso maiz basora joaten diren biltzaileak. Horixe da Patxi Aierbe, Ana Urteaga, Xabier Irastorza eta Aritz Aranoren kasua.

Onddoak, eroritako hostoen artean ezkutatuta. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Nagore Etxeberria.
2017ko urriaren 20a
17:33
Entzun

Onddoak irten direla entzun orduko basoa jendez josten da. Gainerakoan, inork gutxi zapaltzen ditu Euskal Herriko basoak. Ez da, ordea, Aierbe, Irastorza, Arano eta Urteagaren kasua, laukotea oso maiz joaten baita mendira, basoa zein egoeratan dagoen aztertu eta ezer atera ote den ikustera. Zerbait biltzen badute, pozik etxeratzen dira, eta, bestela, ere bai, mendiaz eta naturaz gozatzea baita haien plazera.

Ana Urteagak, Patxi Aierbek, Xabier Irastorzak eta Aritz Aranok nola doan onddo denboraldia kontatu dute. Bihar BERRIAko Bizigiro gehigarrian argitaratuko dira haien kontaketak eta abenturak. Edurne Gerendiain Ultzamako (Nafarroa) Parke Mikologikoko langileari egindako elkarrizketak osatuko du erreportajea.

Onddo kontuez gain, ospakizun eta festa kontuak ekarriko ditu gehigarriak. Bihar, Baionako Patxoki ostatuaren 30. urteurrena ospatzekoak dira. Patxa gazte kolektiboak zabaldu zuen lokala, eta talde ugariren bilgune izan da urte hauetan: errepresioaren kontrako taldea, ikasleen komitea, talde feminista, talde antifaxista eta beste hainbat eta hainbat. Igandean, berriz, Fernando Aire Xalbador bertsolaria oroituko dute haren herrian, Urepelen (Nafarroa Beherea). 1976an zendu zen, eta, geroztik, urtero gorde izan zaio egun bat: Xalbador eguna.

Azkenik, gastronomiari eskainiriko orrialdean, Baigorriko (Nafarroa Beherea) Laia txokolategia ekarriko da gogora. Olivier Casenave da arduraduna, eta txokolatea sortzeko prozesu osoa egiten dute txokolategian: kakao aletik hasi, eta txokolate tableta sortzeraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.