Gutxi falta da sanferminak hasteko. Gero eta gutxiago. Ezer ez, kasik. Iruñean leudeke jadanik, ordu gutxi batzuengatik ez balitz. Estafeta kale bukaeran den arropa dendako erlojuan dagoen atzera kontaketak ematen ditu datu zehatzak, segundoz segundo. Lehertzear da festa, eta igarri egiten da hiriko kaleetan. Pil-pilean dago giroa, eta dena dago prest festarako. Prest da dena, eta zain dira iruindarrak. Apenas falta den egun bat, eta festa baino ez zaio falta kalean suma daitekeen festari.
Prestaketa asteburua izan da hau. Prebia moduko bat, aurrerapen bat. Alde Zaharrean Peñen Eguna izan zen larunbatean. Tabernari berriak tabernetan, eta hainbat kuadrilla ere atorra zuriz eta zapi gorriz jantzita. Sanferminetan bezala, inguruan zituzten deabruz jantzitako neska eta zakil erraldoiz mozorrotutako gizonengatik ez balitz. Sanferminetan bezala, baina ezkondu aurreko agur festan. Txarangak kalean, eta jendea festa gogoz.
Sanferminez mintzo da dena Iruñean festa aurreko egunetan. Festez mintzo dira arropa denda, taberna eta liburu dendak. Zuria eta gorria nagusi denen erakusleihoetan. Faroletan afixak, telefono zenbakiekin; «etxea alokairuan sanferminetarako». Zuri eta gorriz jantzi da atarian «urrea erosten dugu» dioen denda ere. Sanferminetako arropa saltzen dute orain. Transformatu egiten da urrea ere festetan, eta koloretsu bilakatzen; zuri eta gorri. Baita urrea saltzen dutenentzat ere.
Festez ari da hiria oro har, baina, batez ere, jendea. Kalean hori dute gai nagusi elkarrizketa gehienek. Orokortua da galdera: «Zer asmo festetarako? Non pasatuko dituzu?». Eta pertsonala da erantzuna: «Hementxe», edo «kanpoan». Ama bat umeari, sehaska kantaren bat abestu beharrean, festa kantak abesten. Umea irribarrez, festan. Eta billabesetan egun hauetan elkar agurtzeko erabiltzen den urteroko formula. «Festa onak pasa!». Urtea bukatzen denetan bezala. Urte zaharrean bezala, uztaila ez balitz.
Hiria, prest eta zain
Biraka dabil noria Arrotxapean, eta biraka gainontzeko barrakak ere. Jarrita daude entzierroaren ibilbideko hesiak eta Gaseko eskorgetan zezenak. Zezen plaza dute zain, eta han dira jadanik telebista kateen kamioi, kamera eta gailu guztiak. Inguruko tabernetan, azken prestaketa lanak. Ohi baino trafiko handiagoa kaleetan, edariz betetako furgoneten joan etorria dela eta. Peñak ere, ateak irekita: langileentzako oraingoz; festazaleentzat, berehala.
Ohi baino jende joan-etorri handiagoa hotel, aterpe eta informazio bulegoetan. Kanpotar gehiago, beren mapa eta gidaliburuekin, festak hasi aurreko hiria ezagutu nahian. Galdu aurpegiz asko, jakin gabe gero galduago egongo direla. Transformazioa hasia da, baina ez dago burututa. Kontsigna bihurtua da San Frantzisko plazako eskola. Maletak falta zaizkio. Festetan ohi bezain irekia egoten zen Euskal Jai gaztetxearen lekuan Aquabox izeneko udalaren kirol instalazioa. Atarian, nota bat: «Uztailaren 6tik 31ra itxita, sanferminengatik, eta itxiera teknikoagatik».
Autobus geltokian ohi baino jende gehiago, baina, oraingoz, ohikoa: ordutegien zehatza eta gidarien puntualtasun asmoa. Ez da luzeegirako izango. Tiketak saltzeko leihatilan ematen du abisua afixak. Badator kaosa: «Sanferminetan EZ dira autobusen arteko loturak segurtatzen». Uztailaren bosta da, baina sanferminetan da Iruñea jadanik. Festan bezala, baina festarik gabe. Prest eta zain. Sanferminetan jadanik, sanferminak bihar hasiko direlako ez balitz.
Ordu batzuengatik ez balitz
Egun bat ere ez da falta sanferminak hasi direla adierazten duen suziria lehertzeko, eta festa aurreko festa giroa da nagusi azken orduotan Iruñean. Prest da hiria, eta zain dira herritarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu