Kanpotik pabiloi zahar bat dirudi, aspaldian ekintza industriala alde batera utzita duena; barrutik, ordea, jarduera berreskuratu berri du. Banaketa eta ekoizpen lanak alboratuta, Zorrozaurren (Bilbo) dagoen lokalean akrobazia, eskujokoetan eta clown-ean trebatzeko baliabideak jarri dituzte. Urtea hasi zenez geroztik gisa horretan ari da funtzionatzen Zirkoaurre, zirkuarekin zerikusia daukaten alor askotarikoak gizarteari helarazten, eta lantzen. «Zirkua gustatzen zaien pertsona guztiei entrenatzeko leku finko bat eskaini nahi diegu, baita askotariko ikastaroak ere», Roger Peña Zirkoaurre elkarteko kidearen esanetan.
Egitasmo horrek lotura zuzena dauka Bilboko Koblakari malabaristen elkartearekin. Errekalde auzoko Kukutza gaztetxean zeukaten egoitza, eta, irailean hustu eta eraitsi zutenean, elkartea entrenatzeko lekurik gabe geratu zen. Koblakarik martxan jarraitzen du gaur egun, eta Zirkoaurre proiektu horren «osagarri gisa sortu dugu».
Peñak, Gorka Pereira eta Ana Clara Cuerdasekin batera sortu zuen Zirkoaurre, hirurak ere Koblakako kideak. «Entrenatzeko lekurik gabe geratu ginenean, pentsatu genuen hiruron artean agian posible izango genuela egitasmoa martxan jartzea», dio. Eta baita posible ere. Bi hilabetean harrera beroa izan du egitasmoak, jende ugari biltzen baita Zorrozaurren dagoen pabiloira zirkuko teknikak ikasi edo praktikatzera. Horien artean, esaterako,Koblakari elkarteko ia kide guztiak joaten dira. Horiez gain, 70 urteko ikasle bat ere badaukate, besteak beste. «Proba egitera animatzen dugu jendea, edozein adinetakoa dela ere».
Eskaintza zabala
Koblakari elkarteak lehengo bidetikjarraitzen du lanean, haurrei zirkuko diziplina ugariak ezagutarazten edo topaketak antolatzen. Zirkoaurrek, berriz, entrenatu ahal izateko lekua eskaintzeaz gain, askotariko ikastaroak egiteko aukera ere zabaltzen du. Trapezioekin, lan bertikalak, ekilibrioak edo akrobaziak egiten ikasteko ikastegiak dauzkate, batetik; clown diziplina bestetik; eta haurrentzako ikastaroetan eskujokoak, akrobaziak eta beste hainbat alor lantzen dituzte. «Horretaz gain, programa trinkoak ere eskaini nahi ditugu, kanpoko irakasleak hona ekarrita», dio.
Ikastaroak izaten ari diren harrera ikusirik, gainera, baikor agertzen da Peña. «Hastapenetan urduri geunden, ez baikenekien zein harrera izango zuen gune honek, baina zabalik dagoen epean giroa sumatzen da pabiloian, eta hori eska genezakeena baino gehiago da», Peñak azaltzen duenez.
Baina zirkuaren barneko diziplinak ez dira denbora-pasa soilak, alderantziz. Era amateurrean hasi, eta horretan soilik jarduten diren gero eta pertsona gehiago dago, Peñak azaltzen duenez.
Alor hori, gainera, oso osasuntsua dela azpimarratzen du; izan ere, «zirkuko ekintzak kirola egiteko modu oso onak dira», eta, horrez gain, buruari eragiteko aukera ere ematen du. Horregatik, gimnasiora joatea baino dibertigarriagoa da, Zirkoaurreko kidearen ustez. «Zirkuko diziplinek gero eta harrera hobea izateko arrazoia zein den jakiteko, berriz, sorkuntza alorrean lantzen ditugun alorrak azpimarratuko nituzke nik neuk».
Hedatzen ari den mundua
Bilbon Kukutzak leku nabarmena zeukan zirkuaren munduan, baina hura desagertzean hutsunea geratu zen. «Hori betetzera etorri ginen gu». Baina gainerako euskal hiriburuetan ere entrenatu ahal izateko, ez dago behar adina lekurik. Donostian ez dago era honetako lekurik, Gasteizen pabiloi industrial batzuetan badira gisa honetako esperientziak, eta Iruñean beste hainbeste. «Kaleko ikuskizunetan osasuntsu dago Euskal Herriko panorama, baina entrenatu ahal izateko leku gutxi daude; alde horretatik urri gaude», Peñaren ustez.
Zirkuko diziplinak bide onean daudela uste du, ordea; horregatik, «utzitako pabiloi industrial guztiak zirkura bideratuko balira», gustura legoke.
Orekarako gune berri bat Bilbon
Zirkuko diziplinetara bideratu dute Zorrozaurre auzoko Zirkoaurre pabiloian ireki duten lokala. Ikastaroak emateko eta entrenatzeko erabiltzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu