Plaza giro

Orekari eutsiz tradizioa zaindu

Lekeition San Pedro eguna ospatu dute. Arrantzaleen patroiaren ospakizunetan, ohiko tradizioak berreskuratu dituzte, beste behin ere.

Kaian dagoen San Pedroren irudiaren parean egin zuten kutxa gaineko lehen dantza. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Lekeitio
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Ekainaren azken hondarrean, arrantzaleek euren patroia omentzeko ohitura daukate. Lekeitio (Bizkaia) betitik egon da itsasoari zuzenean lotuta, eta urtero San Pedro egunean usadio eta ospakizun ugari egitendituzte herrian. Atzo izan zen santuaren eguna, eta kilin-kalakoa, kaxarranka eta andrazkoen aurresku tradizionalak izanziren eguneko protagonista nagusiak.

Eguraldia lagun izan zuten atzo Lekeition, urteko jaiegun garrantzitsuenetakoan. Kaleak herritarrez lepo zeuden, «egun honetan denak ateratzen dira ospakizunetara», zioen euretako batek. Eta ez da gutxiagorako, arrantzaleek patroiari egiten dioten omenaldia ezaguna baita, horrenbeste, kanpoko jendea ere biltzen da. «Madrildik etorri naiz, ohitura honen berri izan bainuen eta ezagutzeko gogoz bainengoen», Maria Garciak azaldu duenez.

Goiz-goizetik hasi ziren ospakizunak, baina jende gehien eguerdi partean elkartu zen kaia inguruan. San Pedroren omenezko prozesioa bertatik igaro ohi da, eta herritarrak horren zain zeuden. Zergatik? Kilin-kalakoaren ohitura zaharra egiten dutelako portuan dagoen San Pedroren irudiaren parean. Bizkarrean patroiaren beste irudi bat eramaten dute, eta santua uretara botatzeko keinua egiten dute, «arrantza txarreko urtea bada, uretara botatzeko mehatxua egiten diote San Pedrori», Joxe M.-k azaldu bezala. Hala ere, «santuak ez du kezka handirik izango, ez baita itoko, jainkoa berekin du eta», zioen irri artean. Keinu bakoitzarekin, herritarrek oihuekin lagundu zioten santuari egindako mehatxuari. Uretara ez zen erori, beraz, horretarako beharrik ez zegoen seinale izango zen.

Kutxa gainean dantzari

San Pedroren irudiak orekari eutsi ahal izan zion, beraz, eta ez zen uretara erori. Baina, ez zen atzoko egunean orekari eutsi ahal izan zion bakarra izan. Asier Uskola hamargarren aldiz igo zen San Pedro egun batez kutxa gainera, patroiari eskaini ohi zaion dantza saioan. «Orekari eusteko sekretua, kontzentratzea da. Dantzaren pausoak, gainera, ez dira oso zailak», dantzariaren esanetan.

Usadioari jarraiki, arrantzalez jantzitako zortzi gaztek eusten zuten kutxaren gainean egin zuen dantza Uskolak. Kaiko San Pedroren irudiaren parean lehenbiziko, eta arrantzaleen kofradiaren parean eta herriko plazan ondoren. Kaxarrankaren inguruko lehen aipamena XVII. mendean bildutakoa da, eta bere garaian arrantzaleen kofradian urtero aldatzen zen maiordomoak dantzatzen zuen dantza hori. «Ni ez naiz maiordomoa, inondik ere, pentsa, arrantzalea ere ez naizela!», zioen irri artean.

Lekeitioko ohitura zahar horren esperoan zegoen atzo eguerdian ia herri osoa. Dantzarako prest agertu zirenean txistulari eta dantzariak, irrintzi eta txalo artean hartu zituzten lekeitiarrek. «Herriak ematen duen babesak asko laguntzen du hemen gainean dantza egiten». Eta ez zen gutxiagorako, dantza bakoitzarekin hiruzpalau irrintzi entzuten baitziren ikusleen artetik.

Usadioekin amaitzeko, herriko plazan andrazkoen aurreskua egin zuten herriko neskek. Mantelinak soinean zituztela eurak ere, orekari eutsiz egin zuten dantza. Atzoko eguna dantza eta orekari eusteko eguna izan zen, beraz. Eguna luzea izan zen, eta ospakizunek asteburu osoan iraungo dute, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.