Oroimena ere erre ez dadin

Donostiako hiru elkartek hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko eta biharko, 1813ko abuztuaren 31ko sarraskia gogoratzekoDanborrada, kandelak piztea eta antzerkia izango dira biharko ekitaldi nagusiak

Danborrada amaitzean, argiak itzali eta kandelak piztuko dituzte bihar Parte Zaharrean, gaueko bederatzietan. IRUTXULOKO HITZA.
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Ia berrehun urte dira Donostia kiskali zutenetik, baina hiritarrek oraindik ez dute ahaztu gertatua. Izan ere, urtero gogoratzen da egun hura, abuztuaren 31. Eta zutik geratu zen kale bakarrak ere izen hori hartu du. Benetan zer gertatu zen, ordea, oraindik ez da guztiz argitu, eta hainbat interpretazio daude. Eta, gogoratzeko moduak ere, bat baino gehiago. Hori dela eta, elkarte bakoitzak bere modura gogoratzen du urteurrena. Aurten, hiru elkartek antolatu dituzte egun horretarako ekitaldiak: Kañoieta elkarteak, 1813ko abuztuaren 31ren oroimenerako elkarteak eta Donostia Sutan elkarteak.

Gaur bertan hasiko dira ekitaldiak, urteurrenaren bezperan. 1813ko abuztuaren 31ren oroimenerako elkarteak haurrentzako jolasak antolatu ditu arratsalderako. 19:00etan, berriz, omenaldia egingo diete auzoko helduei, Valle de Lertxundiko igoeran.

Donostia Sutan elkarteak, berriz, ibilbide gidatua egingo du Parte Zaharrean, 1813an gertatua azaltzeko. 19:00etan irtengo dira, Bulebarreko kiosko ondotik, eta ibilbidea euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Josu Tellabidek gidatuko du euskarazkoa, eta Iñaki Egaña historialariak gaztelaniazkoa. Amaitzean, denak elkartu eta garai hartako bertsoak abestuko dituzte, Kresala abesbatzarekin batera.

Dena den, biharkoa izango da egun nagusia. Goizean, auzoko hildakoen aldeko meza egingo dute San Bizente elizan. 1813ko abuztuaren 31ren oroimenerako elkarteak antolatu du ekitaldi hori. Mezan, Jose Ignacio Ansorenak txistua joko du, eta dantzari batek aurreskua dantzatuko du. Donostiako Orfeoi Txikiak ere hartuko du parte.

Arratsaldean, berriz, danborrada egingo du Kañoieta elkarteak, hamazazpigarren urtez. Guztira hogei elkartek parte hartuko dute aurten. 18:00etan abiatuko dira, Zuloaga plazatik, eta Parte Zaharraren inguruan ibiliko dira. Danborra jotzeaz gain, kanoikadak eta tiroak botako dituzte bidean, orain berrehun urteko erasoa gogora ekartzeko. Hainbat elkartek uko egin diote danborradan parte hartzeari, biktimak goratu beharrean militarrak goratzen dituelakoan. Donostia Sutan da horietako bat.

Iluntzean ere izango dira ekitaldiak. 1813ko abuztuaren 31ren oroimenerako elkarteak antolatuta, argiak itzali eta kandelak piztuko dituzte 21:00etan. Txistulariek Donostiako martxa joko dute San Bizente elizako atarian, eta desfilea egingo dute jarraian, tronpeta joleekin batera. 21:30ean, berriz, Santa Zezilia abesbatzak, Gaztelupeko Ganbara abesbatzak eta Donostiako Orfeoi Txikiak hainbat kantu zahar abestuko dituzte Santa Maria elizako atarian. Ekitaldi horretan bertan, Andoni Alemanek bertso batzuk irakurriko ditu, Arrats izugarria izenburupean.

Gauean amaituko dira ostiraleko ekitaldiak. Donostia Sutan elkarteak antolatuta, 1813ko bizimodua eta abuztuaren 31ko gertakariak irudikatzen dituen antzerki bat egingo dute Konstituzio plazan, 22:15ean. Bideo bat ikusteko aukera ere izango da. Besteak beste, Unai Gaztelumendi bertsolariak parte hartuko du, bertsoren bat edo beste abestuz. Ekitaldi horrekin amaituko da eguna.

Urtero egiten dira abuztuaren 31ko erasoa gogoratzeko ekitaldiak, eta danborrada eta kandela piztea egun horren ikur bilakatu dira. Datorren urtea, ordea, berezia izango da, berrehungarren urteurrena beteko baita. Hala, abuztuaren 31n bakarrik ez, urte osoan izango dira gaiaren inguruko ekitaldiak. Elkarteak ari dira dagoeneko hurrengo urteko egitaraua prestatzen.

Egun eta urte gogorrak

Donostiarentzat egun beltza izan zen 1813ko abuztuaren 31. Armada britainiarrak, espainolarekin aliaturik, kiskali egin zuen hiria. Donostia Sutan elkarteak kaleratutako manifestuaren arabera, 600 etxetik 35 baino ez ziren zutik geratu. 1.000 donostiar inguru, berriz, tiroz hil zituzten, eta emakume asko bortxatu. Dena den, abuztuaren 31 bakarrik ez, jarraian etorri ziren hilabeteak ere gogorrak izan ziren. Miserian bizi zen jende gehiena, eta, negua iristearekin batera, gaitzak zabaltzen hasi ziren. Jende asko hil zen malariarekin nahiz gosez.

Armada britainiarrak eta espainolak ez zuten erasoa euren gain hartu, eta Donostiari frantsesek eraso ziotela pentsatu zen hainbat urtez. Lekukoen testigantzek azaleratu zuten egia. Hiria udalaren eta diputazioaren artean berreraikitzea behar izan zuten, ordea, erantzuleek ez baitzituzten ordaindu egindako kalteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.