Munduko azantz eta ekaitzen artetik, ahots bat isildu da: Martinika edo Madinina deitzen den herrialdeko Edouard Glissant poeta. Azken urte hauetan Euskal Herrian gaindi ibilia zen, Baionan eta Itsasun, Errobiko Festibalaren sailetan, munduaz eta herri kulturen harremanetaz mintzatzeko. Herri menperatu askoren idazle eta gogoetatzaileen antzera jazarketa eta partekatzearen jomugetan ibili zen. Kolonialismoaren ttipikerien biktima izan zen ere, asignazio eta atxilotze eta atzerriratzeen artean: Frantziak urrutiko kulturen ordezkariak ohoratzen eta maitatzen ditu, ez baldin badira «inperioaren confetti» horietakoak behintzat, beti bezala hutseginez bere baitan jarri Argien denboretako ideiak.
Tout-monde kontzeptua sortu zuen idazle, filosofo poetak, orozko mundu horretan kreoleen kulturan garela denok azpimarratuz: besteekilako hartu-emanak gure nortasunarekin eraikitzen duen nortasuna dela lurtarren bake bide bakarra.
«Bada orai munduaren geografiaz jakintza ia oso bat eta ezezagutza ia oso bat ere geografia horietan diren populuetaz», zion 2009ko otsailean egin Baionako hitzaldi batean. Populuen ezagutza eskualdeen ezagutzarekin topatuko den lekua tout-monde deitzen dut. Totalité-monde hori, mundu-osotasun hori da, ene ustez, bide bakarra beste osotasun baten kontra, mundializazioen osotasunaren aurka joateko. Mundializazioa da froga, dena munduaz ezagutzen dela populuak ezik! Atsolutuki horren aurka borrokatu behar da «orozko mundu» eta elkartasunaren ideiekin.
Maratila
Orozko mundua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu