Urteak joan urteak etorri, badira nekez aldatuko diren ohiturak. Eta horietako bat arrautzak jatea da. Gizarte guztietan, dela guztiz aurreratu eta garatuetan, dela herrialderik atzeratu eta txiroenetan ere, arrautza izan da betidanik elikaduraren oinarrietako bat. Baina arrautzen kontsumoa hain zabaldua egonik ere, beti sortu izan ditu errezeloak eta susmo txarrak, sarritan beldur eta kezka horiek inolako arrazoirik gabeak izan badira ere.
Astean ez hiru baino gehiago. Gezurra, ez dago zertan murrizketa horri kasurik egin. Egia da arrautzak kolesterola duela, baina odolean kolesterol altua izateko arrazoi nagusia ez dago dietan. Horregatik, pertsona osasuntsu badago, astean zazpi arrautza jatera ere irits daiteke, bere tamaina eta gorpuzkeraren arabera, eta umeak astean lauraino.
Frijituta, gehiago gizendu eta okerrago jasaten dira. Arrautza digeritzeko modua pertsona bakoitzaren tolerantziaren araberakoa da, baita prestatzeko moduaren araberakoa ere. Kaloriei dagokienez, arrautza frijitu batek, soberako oliorik gabe, arrautza egosi batek baino 35 kaloria gehiago besterik ez dauzka. Arrautza gogorra da sukaldean prestatzeko modu ugarien artean okerren digeritzen dena, bertan gorringoa koagulatua dagoelako, eta koipeak digeritzen dituzten entzimek, lipasek, hori digeritzeko denbora gehiago behar dutelako.
Arrautza handiak, kalitate hobekoak. Gezurra, normalean zenbat eta handiagoak izan, orduan eta kalitate eskasagokoak baitira. Koloreak ere ez dauka zerikusirik kalitatean, gorringoaren kolore gorri erakargarriagoa manipulazio bidez erraz lortu baitaiteke, oilo erruleen pentsuari eransten zaizkien pigmentuekin.
OSASUNA. Arrautzak: zalantzak argitzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu