Arrosa irrati sareko kideek esku artean dituzten tresnak trukatzeko eta bakoitzaren ezagutza besteekin partekatzeko jardunaldi batzuk antolatu dituzte. Otsailaren 25ean Bergarako gaztetxean egingo dituzte jardunaldi horiek, Euskal Herrian bada zer entzun! Irratiak elkarlanean izenburupean.
Hamar tailerretan hamar gairen inguruan lanean ariko dira egun horretan, oinarrizkoenetik teknikoenera. Kontu praktikoak nagusituko dira tailer horietan. «Honekin, hasi berri diren, edo hastear dauden, herri edo auzo irratiei dei berezia egin nahi diegu jardunaldiotara etortzeko», adierazi dute Arrosako kideek. «Ateak zabalik daude interesa daukan edonorentzat».
Tailer horietako lanetan pasako dute goiza. Arratsaldean, berriz, pare bat gairen inguruan ariko dira solasean: generoa eta komunikabideak, batetik, eta irratiak eta teknologia berriak, bestetik. Eguna gerturatu ahala, zein esperientziaren inguruan eta zer gonbidaturekin mintzatuko diren azalduko dute.
Jardunaldiei amaiera emateko, eztabaida saio bat egingo dute Bergarara joaten diren guztiekin, Word Cafe moduan. Gauerako, azkenik, kontzertu pare bat antolatuko dituzte.
Hamar urteko bide emankorra
Arrosa sarea publikoki aurkeztu zela hamar urte beteko dira datorren maiatzean. Euskal Herriko hainbat irrati txikiren arteko elkarlana oinarri hartuta eraiki zuten sarea. Hastapenetan, «herrigintza ikuspegia» eta «izaera kulturala» izango zuela aurreikusi zuten. Eta asmo horiekin egin du lan Arrosak urteotan.
Aurreneko urteetan Korrika eta Herri Urratsen gisako ekitaldiak elkarrekin emititzeari ekin zioten. Hala, gertakaria zegoen lekuko irratiak zabaldutako zuzeneko emankizuna beste irratietan emititzen zuten. Gerora, sarearen funtzio nagusia euskarazko irratsaioak trukatzea izan da. Hori dela medio, Donibane Garazin ekoitzitako saio batek entzuleak ditu Iruñeko kaleetan, edo hasi berritan dabilen irrati batek programazio duin askoa egin dezake Gasteizen edo Urretxun egindako saioak erabilita. Gaur egun 20 irrati daude Arrosan, eta gehienek sare hori erabiltzen dute beste irratietako saio erakargarrienak emititzeko.
«Irrati txikiok, gehienok ez-profesionalak gainera, eguneroko lanean agertu zaizkigun beharrei erantzuteko tresna propioak sortu behar izan ditugu», diote Arrosako kideek. Eta horretara datoz otsailerako antolatu dituzten jardunaldiak.
Jardunaldien inguruko informazio zehatzago jakin nahi duenak [email protected] helbide elektronikora idatz dezake.
Komunikazioa
Otsailaren 25erako irrati jardunaldiak antolatu ditu Arrosa sareak, Bergaran
Besteak beste, gai hauek landuko dituzte: irratiak eta teknologia berriak, eta generoa eta komunikabideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu