Hirietako eskailera, horma, hesi, baranda eta eserlekuei beste ikuspegi batetik begiratzen diete Dani Sampayok eta harekin batera parkur-a egiten duten gazteek. Ez dira hiriko altzari soilak. Oinezko arruntei oharkabean igaro dakiekeen esanahi bat gordetzen dute oztopo horiek parkur zaleentzat: gorputza entrenatzeko aukera.
Sampayok aitortu du kalean dagoela hiriko altzariei beste begi batzuekin begiratzen diela. «Zer egin daitekeen eta zer ez joaten gara begiratzen. Beste erabilera bat ematen diegu. Bizirik gabeko hormak dira, eta guk bizia ematen diegu».
Irungo Bentak auzoan elkartu ohi dira Sampayo eta haren lagunak entrenatzeko. Berotze ariketak egin, eta eskailera eta baranda batzuk seinalatuz, ondoren egingo duten bidea aztertzen dute. Taldetik Sampayok du eskarmentu handiena; bederatzi urte daramatza entrenatzen. Haren esanetan, entrenatzeko metodo bat da parkur-a. «Modu eraginkor, indartsu eta azkarrean leku batetik bestera mugitzean datza». Halere, jauziak egitea baino gehiago da parkur-a; salto eta akrobazia horiek egiteko bidea ematen duen entrenamendu sistema da. Helburua, nork bere buruari jartzen diona. Horregatik, bakoitzaren entrenatzeko era desberdina da. «Batzuentzat, zaletasuna besterik ez da. Beste batzuk serioago entrenatzen dira, sasoian egoteko eta erronka berriak gainditzeko. Beste batzuek, berriz, ikusgarritasuna bilatzen dute». Irungo Bentak auzoan bildu ohi den boskoteak kirola eginez sasoian egon eta, bide batez, lagun artean ondo pasatu nahi du. Arau idatzirik gabeko kirol bat den arren, hiru kontu garrantzitsu bete behar ditu kirolariak: jendea ez gogaitzea, ingurunea zaintzea eta inorekin ez lehiatzea.
Hastapenak
Mugimenduaren arte gisa ere hartzen da parkur-a. Parcour hitzak ibilbide esan nahi du frantsesez, eta hortik datorkio izena diziplinari. Raymod Belle eta Sebastian Foucanek sortu zuten parkur-a, 1980ko hamarkadaren bukaeran, George Heberten Metodo Naturalean oinarrituz. Oztopo naturalak gainditzeko gorputza eta burua prestatzean datza metodo hori, eta armadan erabiltzen zuten. Belle eta Foucanek hirigunera moldatu zituzten irakaspen haiek, eta Yamakasi taldea sortu zuten Lisses hirian, Paris ondoan.
Diziplina hori lau haizeetara zabaltzen asko lagundu zuen Ariel Zeitoun zuzendariak 2001ean eginiko film batek, Yamakasi-k. Parkur taldearen jauzi ikusgarriak eta kirol hori praktikatzen dutenen filosofia erakusten ditu Yamakasi-k. Dani Sampayo berak filmaren bidez izan zuen parkur-aren berri. Filmeko jauzi eta akrobaziak benetakoak zirela ikustean, Interneten informazio bila aritu zen. Entrenatzeko teknika eta aholkuak irakurri ostean, kalera atera zen irakurritakoa gauzatzera. Euskal Herrian parkur-ean hasi ziren lehenengotarikoa da.
Kirol osoa da parkur-a, gorputzeko atal guztiak lantzen dituena. Sasoi betean egon behar du zaleak, baldin eta minik hartu nahi ez badu. Lasterka ibili, salto egin eta eskalatu egin behar du. Halere, sasoian egotea ez da nahikoa izaten, koordinazioa oso garrantzitsua baita. Arrazoi horrexegatik, entrenamenduek garrantzi handia dute. «Gorputza jauzi egiteko prestatu behar duzu». Korrika atera, giharrak landu eta beste entrenamendu osagarri batzuk egiten dituzte parkur zaleek. Salto sinple eta errazekin hasten dira praktikatzen, eta maila hobetu ahala hasten dira ibilbide zailagoetan barneratzen. «Teknika asko landu behar da jauzi zailagoak egiteko, ezin baituzu hutsik egin».
Gorputza prestatzeaz gain, alderdi psikologikoa ere kontuan hartzekoa da. Norberaren burua eta mugak ezagutu, eta konfiantza asko landu behar da. Sen ona izatea, ezinbestekoa, ezinezko jauzirik ez saiatzeko. Baina, kirolaz harago, parkur-a filosofia izatera ere iritsi da. Oztopo fisikoak gainditzeko entrenatu eta saiatzea da kirolaren funtsa. Pentsaera hori baliagarria suerta daiteke, bizitzako beste alorretara eramanez gero, esfortzuarekin oztopo oro gaindi daitekeela erakusten baitu. «Bizitzak ere horixe irakasten dizu: zerbait lortzeko, inplikatu eta saiatu egin behar duzu». Filosofia horren erakusgarri da kirolaren lehiakortasunik eza. Zenbait txapelketa antolatzen badituzte ere, parkur zale gehienen buruan lehiatzeak ez du tokirik. Bakoitzaren trebetasuna eta sasoiaren arabera, jauzi batzuk edo besteak egingo ditu kirolariak, segurtasuna izanik printzipiorik baliotsuena. Sampayoren iritziz, lehiakortasunak ez du zentzurik parkur-ean, norbera baita bakoitzaren aurkaria.
Iritzi berekoa da Xabier Ormazabal ikus-entzunezko ikasle irundarra. Orain lau urte ekin zion parkur-a egiteari, gelakide batek bultzatuta. Lehiakortasunik ez izate horrek erakarri zuen hasiera batean. «Garrantzitsuena zeure buruarekin gustura sentitzea da, ez besteek egiten dutenarekin». Parkur-ean konfiantza asko lantzen dela dio Ormazabalek. «Beldurrak uxatzeko entrenamendurik onena da». Norberaren gorputzean eta ahalmenean konfiantza hartzeko eta autonomia indartzeko balio izan dio parkur-ak ikus-entzunezko ikasleari.
Jauziak eroso egin ahal izateko kirol arropa eta ondo eusten duten zapatilak behar dira, besterik ez. Erorketen aurkako babesik ez dute erabiltzen. «Konfiantza lortu nahi badugu, geure buruan sinetsi behar dugu, ez kaskoan», dio Ormazabalek. Jauzi handiak egiteko konfiantza lanarekin lortzen da, jauzi txikiagoak eginez.
Interneten bultzada
Kirol berri samarra da parkur-a Euskal Herrian. Gipuzkoan kirola egiten duen nahiko jende badago; gehienak, hasi berri diren gaztetxoak. Bilbon ere jarduten dira parkur-ean, eta elkarte bat sortu dute. Denboraren poderioz talde gehiago sortuko direlakoan dago Sampayo. «Arazoa da jendea oso gaztetan hasten dela, eta gero aspertu eta utzi egiten dute». Maila batera iritsiz gero, kirolak sakrifizio eta entrenamendu ordu asko eskatzen ditu.
Internet giltzarria izan da parkur-aren garapenerako. Informazio iturri oparoa eta zaleak harremanetan jartzeko tresna bilakatu da. Parkur-ean jarduten duten zale gutxi daudenez, ongi datorkie leku desberdinetara joatea entrenatzeko era berriak ikasteko. «Jendea desberdin entrenatzen da, eta beti ikas dezakegu zerbait berria besteengandik», adierazi du Ormazabalek. Sampayok ere Internet erabiltzen du kirola sustatzeko. www.umparkur.com/euskadi webgunea sortu zuen, jarraitzaileek harremanetan jarri eta informazio gehiago izan zezaten. Historia, entrenamendu metodoak, teknikak eta artikuluak jarri ditu webgunean, kirolean jardun nahi duenak erreferentziak izan ditzan. Horrela jarri zen boskotea harremanetan. «Errazagoa da denak batera egiten badugu, batak bestearekin ikas baitezakegu era horretan».
Bidaiatzeko aukera franko eskaintzen ditu parkur-ak. Parisera, Lisboara, Bartzelonara, Madrilera eta Malagara joan dira entrenatzera Irungo parkur zaleak. Ingalaterran, Frantzian, Italian, AEBetan, Mexikon eta Espainian parkur-a Euskal Herrian baino zabalduagoa dagoela diote. Hiriak handiagoak dira herrialde horietan, eta, ondorioz, zale gehiago ere badaude.
Bentak auzoko bizilagunak ohitu dira jada gazteak leku batetik bestera saltoka ikusten. Halere, normalean jendea harritu egiten da lehenengo aldiz ikusten dituenean. «Batzuek, txaloka hasi, eta galderak egiten dizkigute. Beste batzuek uste dute erotuta gaudela», dio Sampayok.
Ezjakintasunak kirol arriskutsua dela pentsaraz dezakeenez, parkur-aren balioak sustatze aldera, tailerrak egiten dituzte ikastoletan. «Norberaren eskuetan dago noraino joan; bakoitzaren burua eta gorputza dira horretarako tresnak».
Ezarian. Parkurra
Oztopo guztien gainetik
Leku batetik bestera bidean aurkitzen den oztopo oro gaindituz eta ahalik eta modu arinenean mugitzean datza 'parkur'-a. Hiriko altzariak baliatuz, toki batetik bestera lasterka, eskalatzen eta jauzika ibiltzen dira diziplina horretan jarduten duten kirolariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu