Oztopo guztien gainetik

Aimar del Pozo gaztetxoari ebakuntza batzuk egingo dizkiote Madrilen; horretarako dirua biltzeko, euskal kultura eta kirol munduko zenbait pertsona ezagun bildu dira.

Amaia Guenetxeak zenbait pertsona ezagun lagun izan ditu Aimarren ebakuntzak ordaintzeko dirua biltzeko. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Aimar del Pozo Sopelako (Bizkaia) 9 urteko mutiko bat da. Haurdunaldiko 29. astean jaio zen, amaren sabelean oxigeno falta izan baitzuen; oxigeno falta horrek burmuin perlesia eragin zion, eta, horren ondorioz, ezin ditu gorputzaren eskumako aldea eta hankak ondo mugitu. Medikuek ez zuten bizirik iraungo zuen esperantzarik, baina, oztopo guztien gainetik, Aimarrek aurrera darrai. Bidea ez da erraza izan, eta, txiki-txikia zenetik, ospitaletan ibili behar izan da maiz, eta birgaitze ordu luzeak egin behar izan ditu egunero. Bizitza osoa borrokan egin du kilometroak diruditen bizpahiru metro oinez egiten lortzeko.

Borroka horretan ez da bakarrik egon, familia eta lagunak izan baititu aldean, beti laguntzeko prest, Aimarren bizitza hobe dezaketen sendabideen eta bitartekoen bila. Bere egoera hobetu dezaketen medikuak eta sendabidea aurkitu dituzte Madrilen. Zazpi ebakuntza egin behar dizkiote hazten ari den bitartean, oinez has dadin eta, «batez ere», pairatzen dituen minak kentzeko. Arazo bakarra dago: ebakuntza bakoitzak 12.000 euroko kostua du. Bitartekoen bila hainbat kanpaina egin dituzte; horien artean, afari solidario bat antolatuko dute irailaren 30ean, Zornotzako Ibarra Sagardotegian (Bizkaia). Afarian bilduko duten diruaren parte handi bat Aimarrentzat izango da. Kanpainan, Euskal Herriko zenbait kirolari, musikari, aktore, kazetari eta kultura arloko hainbat lagunek hartu dute parte, besteak beste: Igor Anton, Gurutze Beitia, Kepa Junkera, Miguel Madariaga, Roberto Laiseka, Pedja Savovic, Ana Urrutia eta Josu Urrutia. Horietako batzuk afarian bertan izango dira, Gurutze Beitiak jakinarazi duenez, Gorka Aginagalderekin batera; «barrea jarriko dugu», esan du, eta jende guztia gonbidatu du afarira joatera edo diruz laguntzera.

Bizi kalitatea hobetzeko

Ebakuntzek Sopelako mutikoaren bizi kalitatea hobe dezakete. Amaia Guenetxea Aimarren amak azaldu duenez, alde handia dago gizarte segurantzan eta Madrilen darabiltzaten metodoen artean, bigarren horretan laserra erabiltzen baitute; gizarte segurantzan, berriz, Aimarri hankak «goitik behera» zabaldu beharko zizkioten, «300 puntutik gora eman beharko zizkioten, horrek dakarren ebakuntzaren osteko prozesuaz eta infekzioez gain».

Arrisku horiek saihesteko eta Aimarren bizi kalitatea hobetzeko, dirua biltzeko zenbait kanpaina eta ekintza antolatu dituzte: ekainaren erdialdean zozketa bat egin zuten Loiuko Lauro ikastolan; horrez gain, Leioako Itxartu Antzerki Konpainiak ekainean saio bi egin zituen Zornotzan, Aimarrentzat dirua biltzeko. Azkenik, plastikozko tapoiak biltzen ari dira. Gaztetxoaren kasua ezagutarazteko eta kanpainakzabaltzeko asmoz, Aimarelsaltadordeobstaculos.es webgunea sortu dute bere ingurukoek; horretan, afarian eta tapoien kanpainan parte hartzeko eta diruz laguntzeko datu guztiak ematen dituzte. Izena ezin hobeto datorkio webguneari, Aimarrek bizitzan aurkitu dituen oztopo guztien gainetik salto egin duelako beti, eta luzez horretan jarraituko duelako, kementsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.