Bide bat baino gehiago dago Aiako herrigunera iristeko. Zarautz eta Orio lotzen dituen errepidetik irteten da haietako bat, Zudugaraitik, baina bi herri horietatik ere bada errepidez edo pistaz iristeko modua. Villabonatik Asteasura jo eta handik Andazarrate igota ere irits daiteke. Erromara nola, bide guztiek Aiara daramatela dirudi. Erromaren aldean, ordea, lasaia da Aia. Hazi egin da kaskoa azken urteetan. Etxeak egin dituzte, pilotalekua eta herri eskola berritu, eraikinak kolore biziz margotu. Baina oraindik lasaitasuna arnasten da herria ardazten duten lau kaleetan.
«Haurrek hausten dute lasaitasun hori; arratsaldeetan, batez ere. Baina pozgarria da kalean haurrak ikustea: herriari bizia ematen diote. Pilotalekuan elkartzen dira gehienak». Julen Ondarraren hitzak dira. Zarauztarra da jaiotzez, baina 30 urte pasatxo daramatza Aian bizitzen. Aldatu egin da herria, gaztetu. Baserriak husten ari diren neurrian, kaskoa ari da hazten. Azken urteetan asko dira Zarauztik eta Oriotik Aiara bizitzera joandako gazteak. Herriko gazteek ere kanpora joateari utzi diote. Biziberritu egin da Aia.
Haurrak jolasteko elkartzen diren pilotalekua da herriko bereizgarrietako bat. Pilotalekua bera bainoago, atzeko aldean lotuta daukan demarako guneak egiten du berezi. «Bizkaian bada halakorik, baina idi dema eta apustuetarako halako besterik ez dago Gipuzkoan». Bihar bertan herri kirol apustu bat jokatuko da.
Pilotalekuaren kanpoaldea ere berritu egin dute. Ikuspegi zabala eta irekia dago handik. «Itsasoa begizta daiteke norabide hartan; Pagoeta, berriz, beste hartan», jarraitu du Ondarrak, gidari lanean.Izan ere, herriaren kaskoa txikia izanagatik, lur eremua aintzat hartuta, Gipuzkoako herririk handienetakoa da Aia. Pagoeta natur parkearen zati handi bat hartzen du, eta itsasoa ukitzeraino hedatzen da. Mendia eta itsasoa uztartzen dituzte herria osatzen duten 11 auzoek. Haietan guztietan bada bereizgarririk: Altxerriko haitzuloetako aztarnak, Arreta, Olarteta eta Saberriko Haitzetako tumuluak...
Pagoeta natur parkea da, ordea, Aiaren ikur preziatuena. Izen bereko mendira igotzeko abiapuntu da herria mendizale askorentzat, eta mendira igotzeko asmorik ez dutenentzat ere erakargarriak dira natur parkeak biltzen dituen altxorrak. Iturraran Parketxean eskura daitezke natur parkeari buruzko argibideak, eta handik lorategi botanikoa, Agorregi baserria eta erlategia bisitatzeko modua dago. Pagoeta ezagutarazteko, ibilbide gidatuak antolatzen dituzte Iturraranen. Horietako batean parte hartzea izan daiteke natur parkea ezagutzeko modua. Argibideak: 943-83 53 89.
Pagoetako sarbidea
Euskal Herriko txokoak. Aia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu