Paisaiara hurbiltzen

Lantegiko lana utzi eta artean murgildu zen Tomas Sobrino. Uraren gaia landu du aspaldian, baina oraingoan paisaiari beste begirada bat eman dio.

Pintura irakasten aritzen da udako goizetan Sobrino. Arratsaldean erakusketan egoten da. JAGOBA MANTEROLA/ARP.
Elizondo
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Hogei urte daramatza Tomas Sobrinok profesionalki margotzen (Elizondo, 1953). 1993an Lesakako Laminaciones lantegian zuen lana utzi eta pinturan murgildu zen. Berak ez ditu bere lanak lantokian erakusten, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean baizik. Uraren gaia landu du azken urteetan Sobrinok, baina oraingoan paisaiari beste begirada bat ematera ausartu nahi izan du. Formatu txiki eta ertaineko 42 oliotan koloreak ere apaldu egin dira, eta pastelagoak bihurtu ditu. Baztango paisaiak, Bardeako baten batzuk eta Miarritzeko kostaldekoak eskegi ditu Arizkunenean. Abuztuaren 28ra arte ikus daitezke kultur etxeko lehen solairuan. Egunero zabalik dago erakusketa, 18:00etatik 21:00etara.

Sobrinok berak irekitzen du gelako atea arratsaldeko seietan, eta bisitarien galdera eta kezkei erantzuten die, prestu. «Nire lanarekin zer gertatzen den ikustea gustatzen zait. Ikusleek nola hartzen duten jakin nahi dut, jendeari iristen zaion ikusi behar duzu». Urteen poderioz ohartu da ikusleak eskertu egiten duela artista bera erakusketa tokian egotea eta harekin hitz egiteko aukera izatea. Izan ere, Sobrinok udan ez du margotzen. Ez du horretarako betarik. Goizetan pintura irakasten ibiltzen da; arratsaldeak, berriz, erakusketan ematen ditu. Gainera, udako paisaia ez du margotzeko gehiegi maite. «Paisaia berdea da, monotonoagoa. Udaberrian eta udazkenan, aldiz, kolore kontraste handiagoa dago. Baita neguan ere, gris asko baitaude».

Arizkunenean jarri dituen lanetan paisaiara, naturara finean, hurbiltzen saiatu da. Zortzi urtez uraren inguruko lanak egiten ibili da. «Uraren itzalekin eta islekin jolastu nuen. Gauza oso abstraktuak dira». Aurten, berriz, paisaiari ekin dio, baina beti ere bere berezko begirada emanez. «Zuhaitz bat, kolore bat, herriko izkina bat abstraktoak izan daitezke, baina abstrakzioaren eta figurazioaren arteko hesia hausteak kezkatzen nau, eta hori egiten saiatu naiz. Azken batean dena delako errealitatearen interpretazioa», azaldu du.

Erakusketari Begiratzeko nahia izenburua jarri dio, eta hobeki ulertzeko Petrarcaren testu batekin lagundu du. Paisaiaren begiesteari buruzko lehen lekukotzetako bat da 1336an Petrarcak bere idatzietako batean esan zuena, eta hori ekarri du gogora Sobrinok. «Paisaiaren kontzeptua norbait zerbait ikusteko asmotan begiratzen hasten denean gertatzen da. Mon Ventouxera igo ondoren sentitu zuen zirrara kontatzen dio izkribu batean bere maisu Petrarcari».

Ezagutzen duen paisaia aukeratu du Sobrinok, xehetasunak harrapatu nahi dituelako. «Urtaro ezberdinetan dauden ñabardurak interesatzen zaizkit eta kezkatzen naute; sentimendu ezberdinak adierazten dituzte. Neguan gaude baina udaberriko koloreak ateratzen hasten dira paisaian, loreak. Grisak dira nagusi, baina, era berean, kolorea hasten da. Une ezberdin horiek harrapatu nahi ditut». Paisaiak ikustean «sentitzen duena» islatzen saiatzen da. «Ezagutzen dituzun paisaiak diren arren, beti ezberdinak dira. Hurbildu eta argia ezberdina eta bakarra da. Paisaia berdinak gauza oso ezberdinak esan ahal dizkizu. Ikusten dugunaren begirada pertsonalagoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.