Mugarik Gabeko Kazetariek ohartarazi dutenez, koronabirusaren pandemiak eragin biderkatzailea izan du prentsa askatasunak jasaten dituen mehatxuetan. Christophe Deloire Mugarik Gabeko Kazetarien idazkari nagusiak esan du datorren hamarkada erabakigarria izango dela kazetarientzat: «Hainbat krisi daude aldi berean, eta denek eragina izango dute prentsaren etorkizunean».
Alfonso Armada Espainiako Mugarik Gabeko Kazetarien presidenteak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Internet bidez, eta salatu du beldurraren birusa oso kaltegarria izan daitekeela prentsarentzat. «Kalitatezko kazetaritza zintzoa inoiz baino beharrezkoa dugu». Hainbat herrialdetan desinformazio kanpainak zabaltzen ari direla azaldu du kazetariak. «Europan bertan, kazetariek hainbat mehatxuri egin behar diete aurre». Hungarian prentsa askatasunak okerrerantz egin duela nabarmendu du. «Bada garaia prentsa askatasunak toki garrantzitsua har dezan herrialdeen agenda politikoetan».
Txinako egoera «beldurgarria» dela azaldu dute Mugarik Gabeko Kazetariek. Herrialde horretako espetxeetan, 108 kazetari daude preso. Armadak azaldu du zenbait kazetari «desagerrarazi» egin dituztela. Izan ere, zenbait kazetarik COVID-19aren eraginez hil diren herritarren bestelako datuak eman dituzte, eta Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dute kazetari horiek isilarazi egin dituztela. Munduko sailkapenean, 177. tokian dago Txina. Mugarik Gabeko Kazetariek esan dute bai Txinan eta bai Iranen (173. tokian), koronabirusaren krisiaren erdian, gobernuek zentsura tresna «masiboak» erabili dituztela.
Errusiako eta Turkiako egoera ere ez da ona. Errusia 149. tokian dago, eta Turkia 150.ean. «Erdogan presidentearekin Turkiako zentsura areagotu egin da Interneten», Aldiz, armadak azaldu du Putin metodo «sofistikatuagoak» erabiltzen ari dela.
Mugarik Gabeko Kazetariek kezka azaldu dute, halaber, espetxeratuta dauden preso sahararrak direla eta. Salatu egin dute, halaber, Aljeriako Khaled Drareni kazetariaren espetxeratzea. Latinoamerikan, bestalde, kazetariekiko jazarpena areagotu egin dutela azaldu dute Mugarik Gabeko Kazetariek; salbuespena Costa Rica da, eta munduko sailkapenean zazpigarren posturaino igo da.
Edith R. Cachera Mugarik Gabeko Kazetarien ordezkariak, berriz, Espainian kazetariekiko gorrotoa areagotu egin dela azaldu du. Lehentasunen artean jarri du mozal legea bertan behera uztea. Bestalde,ohartarazi du albiste faltsuak arreta handiz tratatu behar direla. «Birusaren berotasunean, desinformazioa lehertu egin da. Infodemia delako kontzeptua sortu da, eta hori areagotzen ari dira ultraeskuineko sektoreetatik ari diren trollak». Espainia sailkapeneko 29. tokian dago, aurreko urtean bezala. Frantzia, berriz, 34. tokian dago; bi toki egin du beherantz azkeneko urtean.
Prentsa askatasunaren sailkapenean, Europako iparraldeko herrialdeak daude egoerarik hoberenean. Norvegia dago aurreneko tokian; bigarrenean, Finlandia; hirugarrenean, Danimarka; eta laugarrenean, Suedia.