Zergatik ari gara, Iparraldean behintzat, itsa haraindira begira? Azken urte hauetan, Euskal Herri osoan, eta bereziki ezker abertzalea eta Jaurlaritza bertako «euskaldun onak» beren ikusbide zuzenetara itzuli nahiz ari baitira? Euskal nazio eraikuntzan hangoak ere partaide baitira, alabaina, edota Euskal Herri baketsu eta langile baten irudia hedatzea premiazkoa baita.
Ipar Euskal Herrian ez da problematika berdina. Menturaz hemen gure nortasuna urtzen ari baita abiadura handian, euskaldunak euskaldun ziren iragan hurbila eskuratu nahiz edo ere hangoek hemengoak senidetzat baitauzkate oraindik. Film berri batzuek sentikortasun hori ongi azaltzen dute. Enrique Colinaren Parole de Basques, Rubi Loyerek zuzendua, Beñat Zubururen laguntzarekin, lekukotasun polita eta hunkigarria da. Hazparne aldetik Txile, Uruguai edo Mexikora joan ziren batzuen biziak azaltzen dira. Hitza hitz zenaren garai ahatzi hori euskaldunek bete zuten baldintza gogorretan.
Non hartu zuten han bizitzeko eta lan egiteko indarra? Fede giristinoan alde batetik eta hor azaltzen den euskaldunen kalitate berezi batetik: independentzia gogoa eta libertate nahia. Txoko batean norbaitek azaltzen du ere: «Hara joan zirenek baldintza izugarriak onartu zituzten lan egiteko, baldintza horiek hargatik etxekoen eta herriaren uzteko mina baino apalagoak baitziren».
Uhalde andereak, Txilen bizi denak, pilotu ofizioa hartu zuen eta 1940an De Gaulleren deiari ihardoki, Londresera joan eta gerla aire garraioan burutu. Bere herria salbatu nahi zuen Frantzia salbatuz. Mundializazioan ginen jadanik.
'Paroles de basques'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu