Debagoieneko herrialde jendetsuenetan bigarrena jai giroan murgilduko da, gaurtik hasi eta igandera arte. Bergarako (Gipuzkoa) herritarrek egitarau mardula prestatu dute Martin Agirre santuaren izenean ospatzen duten jaietarako. Adin guztietako herritarrek izango dute non gozatu eta parte hartu.
Aurten, gainera, gonbidatu bereziak izango dituzte. Larraineko herritarrak joango dira Bergarara, Monzon pastorala eskaintzera. Larunbatean antzeztuko dute, 17:00etan, Seminarioko patioan. Euskal idazle eta politikariaren bizitza laburbilduko dute lanean.
San Martin jaiak, ordea, gaur hasiko dira, Kanpanolue. 11 salto gehiago izeneko umeentzako dantzaldiarekin, 19:00etan. Umeek gozatu ostean, helduen txanda izango da, 22:30ean, danborradarekin. Eguna bukatzeko, Joselu Anaiak taldearen eskutik dantzaldia egongo da San Martin plazan, 00:00etan.
Bihar, San Martin Agirre eguna izango dute. Goizean goizetik hasita, ekitaldi asko eta asko izango dituzte. 08:30ean, Udal Txistulari Bandak diana jo du. Sokamuturraren hasierarekin amaituko da diana, 09:00etan. 16 urtez beherakoek debekatua izango dute bertan parte hartzea. Bigantxen aurretik arineketan ibili ondoren, 11:00etan, izkinegiteko estiloa hobetzeko edo horiek egiten ikusteko izkingileen eskola ibiltaria izango da Muniben.
12:30ean, Udal Musika Bandak kontzertua emango du San Martin plazan, Alfredo Gonzalez Chiriaquek zuzenduta. Bertan, pasodoblea, obertura eta euskal estanpak entzun ahalko dira.
Arratsaldean, kultur etxetik haurren danborrada irtengo da, 18:30ean. Ondoren, Bergara Hiria pilota txapelketako errebantxa ikusteko aukera izango da udal pilotalekuan.
Kirola eta kultura
Kirolak kulturari utziko dio lekua. 19:30ean, Iñaki Mataren Im Pass kale antzerkia egingo dute Munibe plazan. Gero, 20:30etik 21:30era, Xakeanajak taldearekin, erromeria izango da, San Martin plazan. Dantzan eta kantuan ibili ostean, zeruan ondo behatzeko lekua bilatu, eta afaltzeko ogitartekoa eskuan hartuta, suzko erroberak ikusteko garaia iritsiko da; 22:00etan hasiko da. Behin sabela ondo beteta eta indarberrituta, Xakeanajak taldeak beste bi orduz joko du San Martin plazan, egunari amaiera emateko eta azkenindarrak dantza eginez xahutzeko.
Debagoiena eskualdeko herritar asko elkartu ohi dira Bergarako San Martin jaietako asteburuan. Horientzat ere aukera asko daude egitarauan.
Eguneko ekitaldi garrantzitsuenetako bat pastorala izango bada ere, beste hainbat ekimen prestatu dituzte.
Sokamuturra izango da goizean, 09:00etan. Eguerdian, Txomingeroen bazkaria egingo dute. 160 lagunentzako mahaiak eta aulkiak jarriko ditu udalak San Martin plazan, norberak bere etxetik eramandako jatekoaz gozatu ahal izateko. Eguraldi txarra eginez gero, Simon Arrieta plazako arkupeetan jarriko dituzte mahaiak eta aulkiak. Bazkaria bukatutakoan, kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte. Umeentzat, tailerrak eta jolasak egongo dira euren gunean.
19:00etan, 2011-2012ko denboraldian Bergarako saskibaloi taldean arituko diren taldeen aurkezpena egingo dute San Martin plazan. Bergara Kirol Elkarteko saskibaloi sailak antolatu du aurkezpena.
Ondoren, 20:30ean, Afrikako doinuek hartuko dituzte Bergarako kaleak, Batu Senegalgo perkusio taldearekin kalejira izango baita.
Bukatzeko, dantzaldia antolatu dute, Gaubela taldearekin, San Martin plazan, 23:00etan.
Jaiak. Sanmartinak Bergaran
Pastorala Monzonen herrian
Bergarako jaien barruan, Larraineko herritarrek euskal idazleari buruzko pastorala antzeztuko dute larunbateanIgandean, xake, pintura, txirrindulari eta dantza lehiaketak egongo dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu