Ez dute patroirik bestak ospatzeko; dirudienez, beharrik ere ez. Izan ere, etxarriarrek ez dute aitzakiarik behar sei eguneko bestak antolatzeko. Gaur hasiko dira, 13:00etan, Maria Jesus Palazuelosek suziria botatzean. Udalak Etxarri Aranazko abesbatzaren esku utzi du txupinazoa, 40 urte beteko baititu aurten. Suziriaren ondotik, kalejira eginen dute erraldoi, buruhandi eta txarangekin batera.
Palazuelok Etxarri Aranazko abesbatzan parte hartzen du aspalditik; beteranoenetariko bat da. Horregatik aukeratu dute bere taldekideek suziria botatzeko. Beste bi hautagai ere baziren, baina azken aldian gizonek bota dutenez, aurten emakume baten txanda zela pentsatu zuten.
Suziria bota aurretik, zapi banaketa eginen da udaletxean, eta joan den urtean jaiotakoei banatuko zaie. Kartel lehiaketako irabazleek ere saria jasoko dute eguerdian. Lehenbiziko eguneko ekitaldietan kirola eta musika izanen dira nagusi. Ehiza ibilbidea eta pilota partidak izanen dira arratsaldean; gauez, Tximeleta taldearekin, dantzaldia.
Amaia Ijuna Etxarri Aranazko kultura zinegotziak esan duenez, aurtengo bestetan nabaritu egin da aurrekontuak behera egin duela. «Talde txikiak» kontratatzen saiatu dira, eta herritarren parte hartzeari garrantzia aitortu dio. «Ezin dugu gastatu herritarrek ez dutena», azaldu du. Euskara ere zaindu nahi izan dute, beraz, talde eta ekitaldi euskaldunak lotu dituzte bestetarako. Lanez lepo ibili dira aurten herriko bestak antolatzen. Denbora gutxi izan dute egitaraua osatzeko, hauteskundeen kariaz Udal gobernu berria baitago. Hala ere, Ijurrak onartu du lana «ongi» egin dutela.
Txikiendako ere bada
Etxarriko bestetan ekitaldi ugari antolatu dituzte haurrei zuzendurik. Ijurrak uste du «esker oneko publikoa» dela hori. Gainera, seme-alabekin batera gurasoak ateratzen dira kalera, beraz, herrian giroa sortzeko ezinbesteko ekitaldiak dira haurrei zuzendutakoak.
Egunero, zezensuzkoaren aurretik korrika egiteko aukera izanen dute 22:00etan. Gainera, hamaika ekimen antolatu ditu udalak haurrak josta daitezen. Gaur, Lakuntzako eta Irurtzungo dantzari txikiek emanaldia eskainiko dute Etxarri Aranazko Etorkizuna dantza taldearekin batera. Bihar, haurrendako jokoak prestatu dituzte goizean, eta arratsaldez, haur animazioa, Zoo Park taldearen eskutik. Abuztuaren 1ean Hodei Magoa agertuko da 12:00etan. Hurrengo egunean,berriz, jolas parkea eta txu-txu trena izanen dira goizez eta arratsaldez.
Omenaldia abesbatzari
Herriko abesbatzak 40 urte beteko ditu aurten. Horren kariaz, udalak omenaldia prestatu du besten egitarauaren barnean. Kulturari egindako ekarpenarengatik esker ona adierazi nahi izan dio. «Etxarri Aranazko abesbatzak lau hamarkadatan lan kementsu eta irmoa, batetik, baina isila eta apala, bestetik, egin du», azaldu du udalak. Horregatik botako dute suziria gaur. Horretaz gain, besten hasieran ekitaldi xumea eginen dute abesbatzaren omenez.
Jaiak. Etxarri Aranatz
Patroirik gabeko bestak Etxarrin
Gaur hasiko dira bestak Etxarri Aranatzen, eta abesbatzak botako du hasierako suziria; 40 urte bete ditu aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu