Maratila

Peluxeeneko iraultza

Ane Muñoz.
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Orwellen abere azkarrak bezala, etxean sakabanatuta dauzkadan peluxeak iraultzaile iratzarri dira gaur. Basurde txiki bat, txingurri erraldoi bat, pinguinoa, South Park-eko Stanley, txakurtxoa, astoa, gamelua, gorputzean sakatuz gero korroka egiten duen igela… guztiak egongelan bilduta topatu ditut goizean. Baina zer da hau? «Iraultza, neska, peluxeen iraultza». Bart inkontzienteki mugituko nituela pentsatu nahi izan dut, egoerari esplikazio logiko bat bilatu nahian. Baina keba, orduak pasata hortxe neuzkan, kieto, niri begira. Halako batean txingurri bozeramaileak zera azaldu dit: jakin dutela badela agentzia bat peluxeentzako bidaiak antolatzen dituena, eta eurek ere bidaiatxo bat aldarrikatzen dutela. Falta zitzaiguna.

Amélie film frantziarrean lorategiko ipotx tipikoak munduko toki nabarmenenak ezagutu zituen bezala, Bartzelonako agentzia batek munduko edozein bazterretako piztia bizigabe horiei hiria ezagutzeko aukera eskaintzen die orain. Eta ez pentsa bezerorik falta zaienik; oraingoz batik bat japoniar eta britainiarrak dira 50 euroren truke euren peluxeak bidaltzen dituztenak.

Gure sakelak, ordea, ez daude txorakerietarako, eta neuk behintzat ezingo ditut nireak inora bidali. Halere, iraultza areagotu baino lehen, eguzkitan jarri ditut, Jaizkibel parean, eta txintxo portatuz gero asteburuan hondartzara eramango ditudala agindu diet. Gutxienez giroa baretzea lortu dut.

Horra, mundua hankaz gora daukagun garai honetan, aldaketen aldeko milaka aldarrikapen eta iraultzen atarian, peluxe madeintxinarrak turismo eske. Anormalak gara gero!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.