Javier Lafraya iruindarrak erakusketa bat prestatu du peñen pankartekin. 1950eko hamarkadatik gaur egunera arte Iruñeko karrikak zeharkatu dituzten marrazkiak bildu ditu horretarako. Txantreako liburutegian paratu ditu, erakusleihoan, eta uztailaren 14ra bitarte ikusi ahal izango da han.
Lafraya han eta hemen ibili da irudiak bilatzen, peñakideei galdezka eta aldizkarietatik mozten. Etxean ere bazituen pankarten marrazkiak, sanfermin zalea baita iruindarra. Informazioa biltzeko, Martin Baldaren eta Jose Joakin Arazuriren liburuak lagun izan ditu. Izan ere, pankarten marrazkiekin batera azalpenak ere baditu erakusketak.
Txantreako liburutegira biltzen denak peñek izandako bilakaera ikus dezake. 1950eko hamarkadan Baldak egiten zituen peñetako marrazkiak, eta, egungoekin alderatuz, ezberdintasunak nabarmenak dira. Peñen kopurua ere aldatuz doa urteek aurrera egin ahala. 1990eko hamarkadan El Txarkok Peñen Federazioa utzi zuen denboraldi batez; horregatik falta dira bere marrazkietariko batzuk. Federazioan ez dagoen Mutilzarra peña ere ageri da erakusketan, XXI. mendeko pankartekin batera.
Iruñeko gatazkei begiratu bat emateko ere balio du erakusketak. Iazko pankarta beltzak, Alfredo Jaime alkatearen garaiko hondeamakina, eta Yolanda Barcinak Gaztelu plazan eraiki zuen aparkalekua, besteak beste.
Gerizpean. Uda-pasa
Peñen pankartak ikusgai
Iruñeko peñek 1950eko hamarkadatik kaleratu dituzten marrazkiak bildu ditu Javier Lafrayak erakusketa batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu