Sanferminetan hartzen dute protagonismorik handiena Iruñeko peñek, baina urte osoan izaten dira martxan. Larunbatean Nafarroako hiriburuan ospatuko den Gazte Eguna izeneko egun beteko festa da horren froga. Bada hilabete peñetako gazteek Irugazpe izeneko kolektiboa sortu zutela, eta haiek izan dira etzi Alde Zaharreko kaleak hartuko dituen jaia antolatu dutenak. Lau helburu jarri dizkio taldeak bere buruari: peñetako gazteak aktibatzea, elkarteen barruko belaunaldi aldaketa bultzatzea, peñen benetako izaera berreskuratzea eta Iruñerriko beste kolektiboekin elkartasuna lantzea. Horretarako sortu dute kolektiboa, eta horretarako antolatu dute festa larunbatean. Horretarako, eta, noski, festa egiteko. Peñakide eta peñakide ez direnentzat izango da festa.
Goizean hasiko dira programako ekitaldiak. 10:30ean, hamarretakoa egingo dute peñetako gazteek. Donibane peñan, Armonia Txantreanan eta hiriko Alde Zaharrean egingo dute otordua. Indarrak hartu behar, eguna ekitaldiz beteta egongo baita. 11:00etan haurrentzako jolasak izango dira hiri erdialdeko San Frantzisko enparantzan. 12:30ean handik abiatuko da kalejira, eta hala zabalduko dute peñetako gazteek festa giroa hiriko kaleetara, harik eta bazkalordua heldu arte.
Bazkaria eta musika
Santa Ana plazan egingo dute eguneko bigarren otordua, 14:30ean, eta lasai aritu ahalko dira bertan bazkaltzen dutenek. Luciano musikariak alaituko du bazkalondoa. Peñetan jarriko dituzte bazkari horrako txartelak salgai, baina baita Mercaderes kaleko Iruñazarra tabernan ere.
Musikaren garaia izango da arratsaldekoa. 19:00etan bigarren kalejira bat egingo dute, eta elektrotxaranga ere ibiliko da Alde Zaharreko karriketan gora eta behera. Gero kontzertuen tartea helduko da, 21:00etan. Skalofrio ska taldea, Marianitoz blai eta Garraxi izeneko dantza giroko musika taldea izango dira jendea mugiarazten. Ordurako nahikoa mugimendu izan ez duenak ere izango du gero ere aukerarik parrandan jarraitzeko, Alegria peñan gaupasa antolatu baitute Irugazpe kolektiboko kideek. Paradoxa dirudien arren, egun beteko festa ez da egunarekin bukatuko.
GAZTE EGUNA
Zer. Kontzertuak, bazkaria, kalejirak, dantzaldia, gaupasa...
Non. Iruñean.
Noiz. Larunbatean.
Asteburuko proposamenak
Peñetako gazteen festa gogoa
Iruñea. Gazte Eguna antolatu dute hiriburuan, larunbaterako, Iruñeko peñetako gazteek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu