XIX. mendea irudikatzera gonbidatzen du Marta Extramiana gidariak; Arriagako estalpea igarotzearekin hasten da Gasteizko hilerrirainoko bidaia, hilkutxa bizkarrean eramaten zuten lagunek egiten zuten bideari jarraituz. Bisitan bidelagun den euriak are pisutsuagoa egin du zama; hala ere, bestelako ukitu bat ematen dio. Pere Lachaise Parisko hilerria eta halakoak adibide hartuta, Gasteizen ere hilerrietan zehar bisita gidatuak eskaintzen hasi dira; artea eta memoria uztartzen dituen bidaia da Santa Isabelen egiten dena. Ana de Begoña historialaria zenak horrela proposatuta ekin zion hilerria aztertzeari Extramianak.
Osasunarentzat kaltegarria zela argudiatuta, 1787. urtean lur emateak elizatik ateratzea erabaki zuten; Gasteiz kanpoaldean zegoen hilerria garai hartan, baina gaur egun Zaramaga auzoaren erdian dago. Gaur egun zutik dauden ateetako zaharrenetik abiatzen da Santa Isabel hilerriko bisita gidatua.
Bisitaria sartzearekin batera ohartuko da Gasteizko hilerriak duen ondare artistiko eta historikoaz; panteoi eta kapera ikusgarriek osatzen dute gunea. Santa Isabel hilerria, baina, berezia da bertan hainbat pertsona ospetsu daudelako hobiratuta. Arabarrak izan edo ez, bertan daude ehortzita historian zeresan ugari eman duten hainbat lagun;artistak, politikariak eta arkitektoak, besteak beste.
Banan-banan aurkeztea ezinezkoa litzatekeela jakinik, Extramianak esanguratsunekin ibilbide aberatsa proposatzen du, Gasteizko argazki historikoa erakutsiz. Miguel Ricardo Alaba, zeina Independentzia Gerran borrokatu zen,eta Loreto Arriola haren emaztea daude hobiraturik bertan, adibidez. Mateo Benigno de Moraza Arabako pertsona ezaguna eta politikari izandakoaren panteoia hurbil dute. Metro batzuk aurrerago, Pancracia Olloren gorpuzkinak daude; Tomas Zumalakarregiren emaztea zen Ollo. San Markos kalera biratuz gero, Teodoro Iradierrek 1921ean eraiki zuen panteoia ikus daiteke; Sebastian Iradier Salaberri musikari eta konpositorearena da; besteak beste, La paloma habanera mitikoa konposatu zuen hark. Heraclio Fournierrek, zeinak Fournier karten enpresa ezaguna sortu zuen, eta haren emazte Nieves Partearroyok kapera bat dute San Jose kalean.
Zorigaiztoko horma
36ko gerran bestelako arrazoi bategatik ere egin zen ezagun Santa Isabel hilerria; hormetako batean, preso hartutakoak fusilatzen zituzten frankistek. Bertan fusilatu eta lurperatutakoen artean, aski ezagunak ziren Esteban Urkiaga Lauaxeta poeta bizkaitarra eta Alfredo Espinosa medikua zeuden. Panteoirik izan ez arren, bisitako gidariak aipamen berezia egiten die biei, izan zuten ospeagatik.
Orain artean eginiko bisitek izandako arrakasta ikusirik, beste hiru irteera antolatu dituzte: azaroaren 3 eta 17rako eta abenduaren 27rako. Gaur egun, hiru ibilbide eskaintzen dituzte, baina aurrerago gaikako bisitak egiteko asmoa du Marta Extramianak.
Plaza giro
Pere Lachaiseren pare
Europako hainbat hiritan egiten den gisara, bisita gidatuak eskaintzen hasi dira Gasteizko Santa Isabel hilerrian; artea eta memoria uztartzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu