Perlmutter, Schmidt eta Riess astronomoentzat da Nobela

Kosmosa gero eta azkarrago zabaltzen dela frogatu dute Fisikako Nobelaren irabazleek, supernoben behaketa dela medioKosmologiaren oinarriak aldatu zituen 1998an egindako aurkikuntzak

xabier martin
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Unibertsoaren kartografoei eman diete 2011ko Fisikako Nobel saria. Saul Perlmutter, Brian Schmidt eta Adam Riess astronomo estatubatuarren lana saritu du Nobel batzordeak. «Grabitatea dela eta, unibertsoaren hedapenaren moteltzea neurtu nahi genuen supernoben ikerketarekin, eta gero eta azkarrago zabaltzen ari dela frogatu genuen», esan zuen atzo Perlmutterrek. Zientziaren beste paradoxa bat.

90eko hamarkadaren bukaeran izan zen; astronomoen artean onarturik zegoen unibertsoaren hedapena gero eta motelagoa zela, eta uste horren aurka jo zuten ibilbide paretsuko hiru astronomoek. Unibertsoa gero eta azkarrago zabaltzen ari da. Supernobak behatuz iritsi ziren emaitza horretara. Komunitate zientifikoak baiezkoa eman behar izan zuen frogak ikusita. Astronomiaren oinarrietako bat aldatu beharra zegoen.

Kosmosaren hedapenaren mekanismoaren ikerketa da finean Suediako Zientzien Errege Akademiak saritu duena. Unibertsoa kartografiatzeko lan amaiezinean bultzada handia da aitortza.

1998an mugarria jarri zuten Fisikako Nobel saria irabazi duten hiru astrofisikariek. Ia esaten dieten supernoben izarrak lehertzean sortzen den argia neurtzeko modua aurkitu zuten, eta hari esker unibertsoaren hedapena beti azkartzen ari dela frogatu zuten. Bi zientzialari taldek batera aurkeztu zuten aurkikuntza. Batak Saul Perlmutter zuen buru. Besteak, Brian P. Schmidt. Bigarren horretako kide izan zen Adam G. Riess. Haren rola ezinbestekoa izan zen, gainera. Hala, sariaren erdia Perlmutterrek eramango du (1,1 milioi euro), eta beste erdia Schmidten eta Riessen artean banatuko dute.

Kosmosaren jatorria

1920ko hamarkadan finkatu zuten astrofisikariek unibertsoa zabaltzen ari zela. Albert Einsteinen erlatibitatearen teoria oinarri hartuta, hainbat behaketa egin zituzten horretarako. Lan horrek guztiak Big Bang teoria ekarri zuen, kosmosa leherketa erraldoi baten ondorioz azaltzen duena.

Baina unibertsoak oraindik ere sekretu asko gordetzen ditu beretzat. Puntako teknologiak zeresan handia izan du aspaldi honetan unibertsoaren ikerketan; 90eko hamarkadan ahalmen handiko teleskopioak azaldu ziren, baita ordenagailu boteretsuak ere. Haien bidez kosmosaren jatorriari buruzko xehetasun gehiago jakin ahal izan zuten astrofisikariek.

Unibertsoa sakonki ikertuko zuen lehen zientzialari taldea eratu zuen Perlmutterrek 1988an, Kaliforniako unibertsitatean (AEB). Supernoba Cosmology Project esan zioten. Schmidtek gauza bera egin zuen sei urte geroago Harvarden. Hark gidatu zuen proiektuari High-z Supernoba Seach Team esan zioten.

Lasterketa erratua

Astrofisikarien artean onartua zegoen urte haietan unibertsoaren hedatzea moteltzen ari zela. Hura frogatzea zen erronka, eta helburu horrekin abiatu zuten lasterketa talde biek. Ahalik eta urrutieneko supernobetan jarri zituzten begiak. Ia motako supernobak behatzen hasi ziren; lehertzen ari diren izarrak dira Ia supernobak, bizitzaren zikloa amaitu duten nano zuriak, Lurra bezain txikiak, baina Eguzkia bezain pisutsuak.

Lan izugarri konplexua izan zen. Hauts kosmikoak eragindako argiaren interferentziek asko zailtzen zuten behaketa. Izar egokia topatu behar zen, haren argiaren angelua neurtzeko, distira neurtzeko. Zientzialari ugari egon zen lan horretan. Azkenean, baina, talde biek lortu zuten nahi zutena. 50 bat Supernoba egoki topatu zituzten, eta emaitzak iritsi ziren. Haatik, espero ez zituzten emaitzak izan ziren. Argia gero eta ahulagoa zen, gero eta urrutirago zeudelako seinale. Alegia, unibertsoaren hedatzea ez zen moteltzen ari; alderantziz, gero azkarragoa da.

Gaur, kimikari dagokion Nobel saria jakinaraziko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.