Larunbatean eta igandean piperren kolore gorriak hartuko du Ezpeleta (Lapurdi). Herriko piperrak ez dira eta edonolakoak. Ez alferrik, jatorri izen hori eskuratzen dute Ezpeleta eta inguruko hamar herritan ekoitzitako piperrek. Urtero-urtero Piperraren Eguna ospatzen dute herritarrek eskualdeko produktu hori bultzatzeko. Hainbat ekitaldi antolatzeaz gain, egun osoan piperrak eta eskualdeko beste produktuak ere erosi ahal izango dira merkatuan.
Egun garrantzitsua izan ohi da Piperraren Eguna herritarrentzat eta eskualdeko ekonomiarentzat.
Larunbatean euskal dantzek alaituko dute giroa arratsaldean. Ezpela dantza taldeak izango duzeregin horren ardura. 15:00etan izango da ikuskizuna, herriko frontoian.
Jarraian, Ezpeletan Kantuz taldeak kontzertua eskainiko du, 17:00etan. Ikuskizuna ikusi ahal izateko txartelak ezin izango dira aurretik erosi; 16:30etik aurrera jarriko dituzte salgai.
Ezpeletako piper eta eskualdeko beste hainbat produkturen ondoan ibiliagatik gose direnek izango dute indarrak berritzeko aurrera. Tokian tokiko produktuekin eginiko afaria eskainiko dute merkatu estalian, 19:00etan. Musikarien doinuek alaituko dute afal giroa.
Artxeroak taldeak kontzertua emango du ondoren, 22:00etan. Erreserbak egiteko eta informazio gehiago eskuratzeko Ezpeletako turismo bulegora jo daiteke.
Igandean goiztiarrenek piperrak bedeinkatu ahalko dute mezan, 10:00etan. Ezpeletako abesbatzak hartuko du parte elizkizunean. Eserlekuak mugatuak dira, eta ezin daiteke aurretik izena eman; beraz, lekua hartzeko goiz joatea gomendatu dute antolatzaileek.
Eguerdian 2012ko Piper saria banatuko diote Dimitri Jatxvili Miarritzeko errugbi taldeko jokalariari.
Eguerdian herriko tabernetan atarikoa eskainiko dute. Bazkaltzeko jatetxe guztiek otordu bereziak eskainiko dituzte. Talde handietan joanez gero, turismo bulegoaren telefono honetara deitzea komeni da: (0033) 559 93 95 02.
Arratsaldean musika izango da nagusi herrian. Burrunka taldeak kontzertua emango du plazan, 15:00etan. Ez da izango, ordea, musika ikuskizun bakarra, herriko karriketan hainbat talde ibiliko baitira kalejiran.
PIPERRAREN EGUNA
Non. Ezpeletan (Lapurdi).
Noiz. Larunbatean eta igandean, egun osoan.
Asteburuko proposamenak
Piperren bueltan, festa giroa
Ezpeleta. Asteburuan Piperraren Eguna ospatuko dute, eta eskualdeko produktuen merkatua izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu