Pirinioetako lehenengo hirumilakora 1993an igo zen Gorka Azkarate (Urretxu, 1977): Seil dera Baquo. Nekez irudikatuko zuen orduan azken hiruzpalau urteotan izan duen ibilia. Irteera eta igoeren berri dotore eman du Azkaratek, mendiak.net webgunearen foroetan; kontakizun bizi eta zehatzak idatzi ditu, argazki dotoreek lagunduta. Ostadar mendi taldeak antolatu duen mendi astean bizipen horien berri emango du, hilaren 25ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan (20:00).
Noiz egin zenuen hirumilakoen bidean lehenengo urratsa?
Zaila zait egun bat jartzea, ez baita izan hasiera bat duen erronka. Lehenengo hirumilakora 1993an igo nintzen, Seil dera Baquora, eta hurrengo urteetan pixkanaka joan nintzen Pirinioetako mendirik ezagunenetara igotzen: Perdido, Aneto… 2007ko udan hartu nuen hirumilakoen zerrenda lehen aldiz esku artean, eta orduan jabetu nintzen batzuetara igota nengoela. Guztietara igotzeko modua izan nezakeela ikusi, eta hurrengo urtean gailur askotara igo nintzen, Perdiguero eta Gourg Blancs inguruan batez ere. Hauspoa orduan eman nion.
Azken urratsa Aneton egin zenuen, abuztuan, Salenques ertzean. Erremate dotorea, ezta?
2008ko eta iazko udan zerrenda osatzen jarraitu nuen, eta aurtengo uda hasieran hamasei mendi falta zitzaizkidan. Niretzat zailenak izan zitezkeenak utzi nituen azkenerako, eta hainbat mendizaleren laguntza izan dut horietan. Polita izan zen Aneton bukatzea, baina igotzeke nuen azken hirumilakoa Espalda del Aneto zen, Salenqueseko ertza gainditu ondorengo tontorra. Ertzari jarraituta iristen da Anetora.
Zure irteerek izan dute bereizgarririk: ibilbide originalak osatu dituzu. Mapa eta liburu artean denbora asko egin al duzu horiek prestatzen?
Asko gustatzen zait jendeak egindako irteeren berri izatea eta haien bizipenak irakurtzea. Baina nik neuk irteerei nire ukitua erantsi nahi nien, dela egun berean hirumilako bat baino gehiago lotuz, dela irteera zirkularrak osatuz. Mapak eta liburuak arakatzen lanak hartu ditut etxean, baina gustuko lanak dira. Ibilaldi batzuk xelebreak atera zaizkit, baina politak ere bai. Beste jende baten aholkuei ere jarraitu diet; mendiak.net webguneko foroko kideenak, adibidez.
Atzera begira jarrita, zer eman dizu gisa horretako erronkak?
Jende askok esan izan dit buruan zerrenda bukatzea soilik nuela, eta egia da behin kopuru batera iritsitakoan 212 mendietara igotzea nuela buruan. Baina aitzakia ederra izan da haran eta mendi asko ezagutzeko, bestela ezagutuko ez nituzkeenak haietako asko. Niretzat Pirinioak ezagutzeko aitzakia polita izan da.
Zer mendik utzi dizu arrastoa?
Oroitzapen onak ditut ia irteera guztietatik; eguraldi ona izan nuen gehienetan, eta irteera bera prestatzen gozatu egin nuen. Vignemale mendigunearen zeharkaldi osoa asko gustatu zitzaidan, esaterako. Hamasei hirumilakotara igo daiteke egun bakarrean, eta, luzea eta neketsua izanagatik, zabiltzan parajeak merezi du neke hori guztia. Perdiguero eta Boum mendien arteko zeharkaldiari errespetua nion eta ongi atera zitzaidan irteera hura.
Mendizale ororen esku al dago halako proiektu bat?
Nondik igotzen diren, zailtasun gehiago edo gutxiago dute hiru milako mendiek. Tentuz ibili behar da, noski, eta sokaren erabileran trebatzea lagungarria izan daiteke. Salenquesen gisako ertzetan, adibidez, zailtasuna ez da muturrekoa, baina huts egiteko tarterik ez da izaten; tentu handiz ibili behar da une oro, eta kontuan hartu behar da edozein huskeria arazo handia bilaka daitekeela. Hori du zailtasuna.
Gorka Azkarate. Mendizalea
«Pirinioak hobeto ezagutzeko modua izan dut»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu